Gasteizko Alde Zaharreko zenbait eragile "oso kezkatuta" agertu dira Santo Domingo kaleko egoera "larriarekin". Hori dela eta, Gasteiz Txikik, Ramon Bajo ikastetxeko guraso elkarteak, Gaztetxeak, Goianek, Kaleratzeak Stop elkarteak, Hala Bedi irratiak edo GES taldeak, besteak beste, Santo Domingo bizirik kanpaina abian jarri dute.
Aurreko astean Gasteizko Udalak hamabi familia irtenarazi zituen haien etxeetatik, eraikinaren egitura usteltzen ari delako. Auzoko eragileek Santo Domingo kalearen egoera erakundeen "utzikeriaren" ondorioa dela uste dute. "Bere kokapenagatik oso kale erakargarria da, baina auzokide berrientzat eta glamour handiagoko dendentzako erakargarriago egiteko, lehendabizi, basarmortu bihurtu behar dute, ondoren, biztanleria aberatsagoa ekartzeko", salatu dute agerraldian.
Horretarako, Udala eraikin batzuk hondakin bihurtzen uzten ari dela adierazi dute auzoko bizilagunek. Izan ere, kaleko 39 eraikinetatik hiru hondamendian deklaratu dituzte, eta salatu dutenez, auzokideek ez dute jasotzen beren etxeak konpontzeko diru-laguntza egokirik.
Era berean, Alde Zaharreko kale horretan "pertsona jakin batzuekin dauden bizikidetza arazoak" aipatu dituzte. Zentzu horretan, polizia askotan "neurriz gainezka eta modu asaldagarrian" aritu dela azaldu dute, "gehienetan gatazka konpondu gabe utziz". Gainera, esku-hartze hauekin inguru hori "gatazkatsua eta arriskutsua" delaren irudia zabaltzen lagundu dutela uste dute.
Datorren larunbatean, 13:30ean, elkarretaratzea egingo dute, Santo Domingo bizirik! lemapean, kaleko 40.zenbakian.