Berriro gertatu da: Gasteizko Udalak hamabi familia irtenarazi behar izan ditu haien etxeetatik, eraikinaren egitura usteltzen ari delako, ur-ihes bat dela medio. Urriaren 26an eman zuen aterarazte-agindua Hirigintza sailak: 72 orduko epea eman zien bizilagunei haien pisuetatik ateratzeko; nora jo, ordea, ez zekiten.
Kaleratze-oharra jaso zutenean, auzokideek artean ez zuten ordezko ostaturik. Ondorengo egunetan hasi zitzaien Udala ostatu-emate aukerak eskaintzen, hala nola Lakuako apartahotel batean behin-behinean bizitzeko aukera. Udal gobernuak ziurtatu duenez, "inor ez da kalean geratuko". Alabaina, belarrietatik tira egin dio sindikoak, "aurreikuspen faltagatik".
Herritarren defendatzaile Martin Gartziandiak aleari adierazi dionez, "bitartekoak jarri ditu Udalak, baina, tamalez, berriz inprobisatu behar izan du, ez duelako aurretiazko jokabide plan bat halako egoeretarako".
Ez da lehen aldia sindikoak protokolo bat eskatu duena: martxoaren 2016an zenbait gomendio egin zizkion Udalari, ondoko ataria (38.a) arazo beretsu batengatik zigilatu behar izan ondoren.
Etorkizunera begirako aurreikuspenak "ez dira onak". Gartziandiak azaldu duenez, alde zaharreko eraikin ugari daude "oso egoera txarrean", eta "bizilagun gehienek ezin diete zaharberritzeei aurre egin, egoera sozioekonomiko txarrean daudelako". Egoera horren aurrean, dio, "instituzioek ez dute nahikoa inbertitzen, eta gero eta eraikin gehiago egongo dira erortze arriskuan". Beraz –dio sindikoak–, Udala "gai izan beharko da bat-bateko erantzun eraginkorra emateko".
Elkarteak, kritiko
Kaleratzeak Stop plataforma eta Gasteiz Txiki auzo-elkartea ere kritikoak izan dira. Auzokide-taldearen hitzetan, "utzikeriaz" jokatu du Udalak. Jokabide hori salatzeko, elkarretaratzea deitu du beste gizarte-eragile batzuekin batera, Santo Domingo kaleko zigilatutako atarietan bertan, larunbatean (azaroak 11) 13:30ean.
Gasteizko okupazio mugimenduak, bestalde, babesa eta elkartasuna adierazi die Santo Domingoko bizilagunei, eta hiriburuan okupatuta dauden etxeetan ostatua eskaini die.
Apirilean hasitako arazoa
Apirilean hasi ziren Santo Domingo kaleko 40. eta 42. atarietako arazoak. Ur-ihesa hauteman zuen Udalak, eta eraikineko bi pisu zigilatu zituen orduan. Egiturak kalteak zituela-eta, konponketak egin behar zituztela jakinarazi zien Hirigintza sailak bizilagunei. Alabaina, auzokideek ez dituzte berritze-lanak egin. Guztira, 120.000 euroko kostua du zaharberritzeak, eta bizilagun batzuek ez dute dirurik aurrekontu horri aurre egiteko. Bestalde, etxebizitza-azpiko lokalaren jabeak milaka euroko zorra du komunitatearekin. Orain, konpontze-lanak ez egiteagatik, 12.000 euroko isuna jarri nahi die Udalak bizilagunei, "ez dutelako eraikina mantentzeko betebeharra bete, Zoruaren euskal Legeak agintzen duen bezala". Bere garaian, berritze-lanak egiteko diru-laguntza eskatu zioten auzokideek 21 Zabalguneari; zehazki, dirua obrak egin aurretik jasotzea eskatu zioten, baina ezezkoa jaso zuten, eta, horren ordez, konponketa-proiektua aurkezteko epea luzatu zieten, abenduaren 2ra arte. Data hori iritsi baino lehen irtenarazi behar izan dituzte etxetik. Ez da gertatu den lehenengo aldia. Alboko atarian, 38.ean, antzeko kasua eman zen: 2016an zigilatu zuten, bertan bizi zen azken bizilagunak (83 urteko agure bat) ezin izan zielako konponketei aurre egin. Sindikoak plan bat eskatu zion Udalari, eta eskaera berretsi egin du azken kasuaren harira.