Zabalik da autobus geltokiko bizikletentzako aparkalekua

Erredakzioa 2017ko urriaren 17a

2018ra arte doakoa izango da, eta 111 bizikleta aparkatzeko lekua izango du.

Gaur zabaldu dute autobus geltokiko bizikletentzako aparkaleku estalia. Instalazioak bideozaintza du, sarbidea kontrolatuko da, eta egunean 24 orduz funtzionatuko du. 2018ko hasierara arte, doan erabili ahalko da azpiegitura.

Nasa-eremuan egokitutako esparru itxia da, Euskal Herria bulebarraren eta Donostia kalearen arteko iskinean kokatuta dagoena.  Bi ate ditu, bat Donostia kaletik eta beste bat geltoki barrutik. Hartara, bizikleta aparkatu eta zuzenean sartu ahalko da geltokira.

Autobus geltokiko aparkaleku berri hau iaz Postetxearen atzealdean jarri zutenaren antzeko kudeaketa-sistema izango du. Orotara, 111 bizikleta lotu ahalko dira, bizikleta elektrikoak eta ibilgailu bereziak —zabalagoak— barne.

2018ko urtarrilaren 1era arte guztiz doakoa izango da. Ondoren, abonamendu ezberdinak salduko dira, zerbitzua egun batez edo hilabetez erabiltzeko; azken kasuan, bizikleta hiru egun edo sei egun jarraian utzi ahalko da aparkatuta. Gainera, hirian laster jartzekoak diren beste bost moduluekin sarea osatzea da asmoa.

Instalazioa erabiltzeko, mugikorrerako aplikazioa jaitsi behar dute erabiltzaileek: www.vitoria-gasteiz.org/bizikleta.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago