Ekainean abiatu zuten diru-bilketa kanpainan lagundu zutenei eskerrak emateko asmoz, hainbat ekimen antolatu ditu Errekaleor Bizirikek.
Urriaren 6tik hasita eta 28ra arte, tailerrak, emanaldiak eta otorduak izango dira auzoan. Datorren ostiralean, hain zuzen ere, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek hasiera emango diote ekimenei, auzo askean izango den bertso afarian. Hortik aurrera, hainbat tailer egingo dira hilabete osoan zehar; tartean, La Pulgaren flamenko dantza tailerra, alboka tailerra Ossesekin edo Hileroko Zikloaren tailerra. Hilabeteari amaiera emateko, Azken Ilunpeko Festa antolatu dute Errekaleorreko bizilagunek, urriaren 28an.
Ekintzetan parte hartzeko, gukargidaukagu@gmail.com helbidean izena eman behar da, tailerra, afaria edo dena delakoa zehaztuz.