Energia burujabetza proiektu bati ekingo diotela adierazi du Errekaleor Bizirik ekimenak, gaur egin duen agerraldian. Proiektu horren bidez, etxebizitzetako eta gune komunetako beharrak asetu nahi dituzte, 500 eguzki plaka inguru jarriz.
Instalazioaren gastuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina abiatu zuten aurreko larunbatean. Auzo askeko bizilagunek 50 egunetan 100.000 euro lortzeko helburua dute, eta, dagoeneko, 15.000 euro baino gehiago bildu dituzte. Horrela, parte hartzeko deia egiten diete Gasteizko eta gainontzeko Euskal Herriko herritarrei.
Bide batez, joan den larunbateko manifestaziora gerturatu ziren pertsona guztiei eskerrak luzatu dizkiete. Horrez gain, EAJk, PPk eta PSEk sinatutako auzoa eraisteko planaren aurrean tinko mantenduko direla jakinarazi dute. Izan ere, Errekaleor botatzeko proiektua lehiaketa publikora ateratzea onartu zuen atzo 21 Zabalguneak. "Eraso hauen aurrean guk argi daukagu, hemendik ez gaituzte mugituko. Auzo hau biziberritzen jarraituko dugu", azaldu dute Errekaleor Bizirikeko kideek.