Udazkenarekin batera, haur eta gazteentzako Kantari egitasmoa bigarrenez jarri dute martxan. Azaroaren 26an ospatuko da, baina parte hartu nahi duen edonork aldez aurretik eman beharko du izena. Izena emateko epea irailaren 25ean hasiko da eta urriaren 9an bukatu.
Kantari ezagutzeko zenbait datu
Kantariren helburua neska-mutikoek euskal kantuak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da. Ez du inolako lehiaketa kutsurik eta, hortaz, ez da irabazle eta galtzailerik izango. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.
Bigarren edizio honetan Gasteizko ikastetxeetako 7 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu dezakete eta partaideak lau edo bost laguneko taldeetan antolatu beharra daukate.
Talde bakoitzari dagokion abestia zozketa bidez erabakiko da eta talde bakoitzari ikuskizuna prestatu ahal izateko materiala aldez aurretik bidaliko zaie: hain zuzen, kantuaren audioa, ikasi behar dituzten letrak eta baita koreografia behar bezala egin ahal izateko bideoak ere.
Lagunekin batera musikaz eta dantzaz gozatu nahi duenak, izen emateko aukera eskura dauka. Ez galdu aukerarik.
Kantari Gasteiz Euskararen Astearen inguruko ekimena da, eta Gasteizko Udalak diruz lagundutako egitasmoa da.