Errekaleor eraisteko txostenik ez dagoela salatu dute

Erredakzioa 2017ko uzt. 10a, 18:23

Podemosek, Irabazik eta EH Bilduk agerraldia egin dute. Irudia: EH Bildu Gasteiz

Arrazoiak "politikoak" direla salatu dute Irabazi, Podemos eta EH Bildu udal taldeek. 

Irabazi, Podemos eta EH Bildu udal taldeek agerraldia egin dute gaur, eta Errekaleor auzoaren eraispena justifikatzeko udalaren txostenik ez dagoela salatu dute. Hori dela eta, Udal Gobernuak auzoa botatzeko eman dituen arrazoiak "politikoak" direla uste dute hiru oposizioko alderdiek.

Errekaleor auzoaren inguruko txostenak aztertu eta gero, bertako etxebizitzetako arazoak Adurtza, Ariznabarra, Abetxuko edo Alde Zaharrekoek dituzten berdinak direla ondorioztatu dute hiru alderdiek. "Garai zehatz batean egin ziren etxebizitzak dira, eta ez dute betetzen egungo arautegia. Eraikinetan hobekuntzak egin behar badira, ez da eraikinetan arazoak daudelako", zehaztu du Irabaziko zinegotzi Oscar Fernandezek. 

"Aluminosirik ez"

Gainera, Urtaranek aipatzen zuen aluminosiaren arrastorik ez dagoela gaineratu du EH Bilduko bozeramaile Miren Larrionek: "aluminosiaz hitz egin du Urtaranek, baina ez dago horren arrastorik. Karga-hormak aipatu dira patologikoa izango balitz bezala, eraikitzeko modu bat denean; kontu elektrikoa ere konpondu daiteke...".

Hala, auzoa eraisteko arrazoi teknikorik ez dagoela gaineratu du Podemoseko Juan Cerezuelak: "orduan arrazoiak politikoak edo espekulatzaileak dira" eta bere ustez, auziaren atzean "negozioa egiteko asmoak" daude. 

Horren aurrean, txosten berria egiteko eta elkarrizketa eta akordioak bideratzeko eskatu diote udal gobernuari.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago