Gasteizko Udalak hamabost eguzki-farola fotovoltaiko instalatuko ditu Errekaleor auzoan. Hala, aurreko maiatzean Udalbatzaren Idazkaritzak ebatzitako gomendioa beteko du Udalak. Ebazpen honen arabera, Errekaleor kalea hiri-lurzoru bezala sailkatuta dago, eta Errolda Zerbitzuak bertan erroldatutako pertsonak daudela baieztatu zuenez, kale-argiteria izateko eskubidea dute, eta hortaz, Udala bertan zerbitzu hori emateko beharrean dago.
Bitartean, Errekaleor Bizirik-eko kideek abian jarritako diru-bilketa kanpainak 65.000 euro baino gehiago lortu ditu, burujabetza energetikoa lortzeko. Oraindik 13 egun dituzte proiektua bideratzeko 100.000 euroak lortzeko.
Hamabost eguzki-farola
Farola berriak instalatzeko kontratua Del Valle Aguayo enpresari esleitu zaio, eta lan hori egiteko, 38.873,42 euro ordainduko ditu Udalak. Farola horiek zortzi metroko altueran jarriko dira, eta lanpara bakoitzak 50 W-eko potentzia izango du, eta eguzki panela izango dute bateriak kargatzeko.
Luminarien batez besteko bizitza 60.000 ordukoa izango da, eta bateriena, bost urtekoa. Farola berriak jartzeko zaharrak kendu beharko dituzte, eta horien oinarrian dagoen zorua ere zolatu beharko dute. Hamar asteko epean egingo dituzte lanak.