Udalak Errekaleorreko argiteria berrezarri behar duela dio Udalbatzaren Idazkaritzak

Erredakzioa 2017ko mai. 31a, 14:17

Gasteizko Udalak Errekaleorren argiteriaren inguruan Udalbaltzaren idazkariak ebatzitako gomendioa aintzat hartuko duela esan du, "beti Industria sailaren segurtasun errekerimenduak errespetatuz".

Errekaleor kalean argiteria moztea legez kanpo dagoela ondorioztatu du Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrak, EH Bildu udal taldeak eskatuta, argitaratu duen txostenean."Indarreko legearen arabera, Udalak Errekaleor kalean eta bertan kokatuta dauden eraikinetan, non erroldatutako pertsonak bizi diren, argia ematera behartuta al dago?", galdetu dio alderdi abertzaileak Idazkaritzari.

Galdera horri erantzuteko egin duen txostenak dio Errekaleor kalea hiri-lurzoru bezala sailkatuta dagoela, eta Errolda Zerbitzuak bertan erroldatutako pertsonak daudela baieztatu du. Era berean, Idazkaritzak 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena, aipatu du. Arau honek dio udalerriek zerbitzu minimo zehaz batzuk eskaini behar dituztela, horien artean, kaleko argiteria. Gainera, lege honek, 18.1, g) artikuluan, bizilagunei zerbitzu hau eskatzeko eskubidea ematen die, eta udalerriko bizilagunak dira bertan erroldatuta daudenak, hain zuzen ere.

Hala, Gasteizko Udalak Errekaleor kalean argiztapena emateko beharra duela ondorioztatu du txosten honek. 

Udalak aintzat hartuko du 

Gasteizko Udalak Errekaleorren argiteriaren inguruan Udalbaltzaren idazkariak ebatzitako gomendioa aintzat hartuko duela adierazi du, arratsaldean bidali duen oharrean, "beti Industria sailaren segurtasun errekerimenduak errespetatuz. Horien ondorioz Iberdrolak auzoko energia elektrikoa moztu zuen segurtasun irizpideak kontutan hartuta, baita Udalaren txosten teknikoak ere".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago