Hilabete baten faltan, jai usaina nabari da Gasteizen. Aurten, 350 ekitaldik osatuko dute Andre Maria Zuriaren jaietako egitaraua.
Tartean, Foru plazan kontzertu gehiago eskainiko dira, eta su artifizialen kartelak Eslovakiako piroteknia batek beteko du, enpresa internazionalen presentzia berreskuratuz. Berritasun bezala, aurten ezin izango da beira sartu Andre Maria Zuriaren plazan, ez abuztuaren 4an ezta 9an ere.
Jaiak hasi baino lehen
Hala, jaiei hasiera eman aurretik, zenbait ekitaldi egongo dira martxa hartzen hasteko. Horrela, uztailaren 30ean Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren mendeurrena ospatuko da. Bestetik, abuztuaren 1etik 3ra bitartean, Musika Banden Zikloa izango da. Ohikoa den bezala, abuztuaren 2an izango da pregoia, Ainhoa Santamaria antzezle gasteiztarraren eskutik.
Azken urteetan bezala, GEU elkarteak txosna jarriko du Aihotz plazan. Inaugurazioa hilaren 2an, 19:00etan, izango da. Egun horretan, GEUre saria banatzeaz gain, sagardotegi erraldoia egingo da, besteak beste, Ordago Folk taldearen musika eta dantza plaza izango dira. Hurrengo egunean, berriz, The Icer Company eta Dj Loro izango dira plazan.
Jaietan, musika nagusi
Abuztuaren 4tik aurrera Gasteizko kaleetatik jai giroa izango da nagusi. Kontzertuei begira, Foru plazan Zea Mays eta ETS talde euskaldunak izango dira oholtza gainean. Horiez gain, MClan, Morat, La Raiz eta El Drogasek eskainiko dute kontzertua. Aihotz plazan, bestetik, euskal musikaren irudi ezagunak igoko dira taula gainera. Hala nola, Mikel Urdangarin, Maider Zabalegi, Huntza edo Hesian taldeak ikusi eta entzuteko aukera egongo da.
Era berean, Berdintasunerako Zerbitzuak eraso sexisten aurkako protokoloa abian jarriko du, jaiak ahalik eta errespetu gehienarekin gozatzeko helburuarekin.
Egitaraua osorik: Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak 2017