EH Bilduk eta Irabazik gogor kritikatu dute Urtaranen diskurtsoa

Erredakzioa 2017ko eka. 29a, 16:22

Hiriko arazoak saihesten dituela uste du EH Bilduk, "horiei aurre egiteko gai ez delako". Irabazirentzat, "alkateak pertsonak ahaztu ditu, bere proiektu alderdikoiak aurretik jartzeko". 

 

Udal politikari buruzko osoko bilkura hartu du gaur udaletxeak, eta bertan Gorka Urtaran alkateak hiriaren etorkizunari lotutako hogei proposamen inguru aurkeztu ditu. Besteak beste, abiadura handiko trenak eta trenbidea lurperatzeak hirian eragingo dituen aldaketak aipatzeaz gain, industria berpizteko plana zein udal zerbitzuen kalitatea hobetzeko proiektuen berri eman du.

Proposamen hauek azaltzeko alkateak egin duen diskurtsoak, ordea, hirian dagoen "geldotasuna" agerian uzten duela uste du EH Bildu Gasteiz udal taldeak, "Urtaranek gaur aurkeztu dituen proiektuak 2015ean eta 2016an iragarri zituen berberak direlako". Are gehiago, iragarrita zeuden zenbait proiektu aipatu ez izana leporatu dio alderdi abertzaleko bozeramaile Miren Larrionek: tartean, Emakumeen Etxea, industrialdeetako planak, Kultura Eratzen zentroa eta Aranako siloa gogora ekarri ditu.

"Urtaranek hiriko arazoak sahiesten ditu, horiei aurre egiteko gai ez delako", salatu du, eta gaineratu du: "iaz zuen babes erdia galdu egin du. Udal langileen gatazka ez du ezta aipatu ere egin. Gogor aritzen da ahulekin, Errekaleorrekin egin duen bezala, eta ahula indartsuekin, FCCrekin gertatu den bezala, oraindik ere kaleratu zituen langileak ez dituenean berriz hartu".

Proiektu alderdikoiak, Irabaziren ustez

Irabazi udal taldea ere gogor kritikatu du alkatearen agerraldia, eta alkateak "huts egin" duelakoan. "Alkateak pertsonak ahaztu ditu, bere proiektu alderdikoiak aurretik jartzeko". 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago