Eraso homofobo, lesbofobo eta transfoboen aurkako protokoloa aurkeztu du Transbollomarika Sareak. Sei hizkuntzatan ateratzeko asmoa dute, baina, momentuz, euskaraz eta gaztelaniaz bakarrik dago eskuragai.
Azken asteotan gertatutako erasoei aurre egiteko sortutako protokolo feminista da, LGTBI Eskubideen Nazioarteko egunean aurkeztu dutena: "1969an gertatutakoa ez da hain urrun geratzen; errealitatea da horrelako erasoak gertatzen direla oraindik". Jai giroaz beste, zenbait pertsonek egunerokotasunean ere horrelako erasoak pairatzen dituztela salatu dute. Horregatik, aurkeztu dituzten baliabideak behar duten momentuan erabiltzeko baliagarria izatea espero dute.
Horrez gain, erakunde desberdinek protokoloaren berri izatea ere nahi dute: "institutuetara eta irakaskuntzaren beste arlo desberdinetara iristea garrantzitsua iruditzen zaigu". Era berean, eraso jakin hauen aurrean formakuntza falta dagoela nabarmendu dute. Eraso baten aurrean jarraitzeko gomendioak, besteak beste, hauek dira: lasaitasuna mantentzen saiatzea, konfiantzazko lagun bati deitzea, kalte fisikoak izatekotan, ospitalera joatea eta poliziari deitzea erasoa salatzeko. Era berean, zalantza edo arazorik izanez gero, sarearekin harremanetan jartzeko aukera dago ere.
Bide batez, gaur 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazan egongo den manifestaziora gerturatzeko gonbidapena luzatu dute.
Sare sozialez gain (Twitter: @Transbollomarik, Facebook: Transbollomarika sarea), telefonoa (633 309 653) eta e-mail bat (transbollomarika.sarea@gmail.com) jarri du eskura sareak, eraso hauek salatzeko.