Askatasun sexuala aldarrikatu dute, LGTBI Harrotasunaren Egunean

Erredakzioa 2017ko eka. 28a, 12:03

Ekainaren 28an, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu da mundu mailan. 

Ekainaren 28a LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, aldarrikapena eta jai giroa ardatz izango duen egitaraua antolatu dute LGTBI-aren aldeko eragile ezberdinek, tartean, 7 menos 20 elkarteak eta Transbollomarika Sareak. 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik, jai giroan eta dantzarekin, abiatu den manifestazioa ekintza nagusia izan da, Heteropatriarkatua desobeditu Plazerez blaitu lelopean. Aurretik, 15:00etan, bazkaria egin dute Hala Bedi tabernan, eta ondoren, bertatik kalejiran abiatu dira Andre Maria Zuriaren plazara.

Era berean, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, udal taldeek adierazpen bat irakurri dute, eta argiztatu egin dira udaletxeko eta Arkupeetako fatxadak. Hala ere, EH Bildu, Podemos eta Irabazi udal taldeek Gorka Urtaranen "hipokrisia" salatu dute, "udaletxearen fatxadan kirol taldeen koloreak jartzen direlako, ez, ordea, LGTBI koloreak". Hala, udal talde hauek LGTBI bandera jarri dute beren balkoietan.

LGTBI kolektiboaren errealitatea, Gasteizen

Aldiro udalean biltzen den Berdintasunerako Mahaiak jakinarazi duenez, Udalak aurrera jarraitzen du Gasteizko LGTBI taldearen errealitatearen diagnostikoa egiten. Ikerlan honek LGTBI taldeak hainbat arlotan –espazio publiko, hezkuntza, lan, osasun eta aisian– bizi duen egoera ezagutu nahi du ikuspegi feminista eta intersekzional batetik. Hartara, hobeto ezagutu nahi da talde honek pairatzen duen bazterkeria, balizko esku hartze ildoei ekiteko. Proiektu hau beste zenbait proiekturekin lotuta dago, hala nola Emakumeen Etxearekin, IV. Berdintasun Planarekin eta indarkeria matxista prebenitzeko estrategiarekin.

Ikerlan horren ondorioetatik aterako dira lehentasuneko lan-esparruak eta jarduera-ildoak, eta egun prestatzen ari den Berdintasunerako IV. planean sartuko dira. Orobat, diagnostiko honekin erantzun egiten zaio indarkeria matxistaren kontrako Feministok Prest! 11 eraso 12 erantzun manifestaldia zela eta Mugimendu feministak 2016ko martxoan udalbatzari egindako proposamenetako bati.

Ekainean diagnostikoaren proiektua eta metodologia aurkeztu zaizkie talde feminista eta LGTBI kolektiboari, horien artean, TransBolloMarika Sarea, Errota Zaharra, Eoncult, Bizirik, Gure Soroa eta Arabako emakumeen asanblada. Proiektuak sei hilabete irautea aurreikusi da, abiatzen denetik kontatuta.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago