Hilaren 5ean hasita, 18 egunez itxialdian egon dira Gasteizko Udaleko langileak lan baldintza hobeagoak eskatzeko. Ekainaren 23an egin zuten asanbladan, ordea, mobilizazioak gutxitzea erabaki zuten, negoziaziorako bidea erraztu aldera. Izan ere, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak langileekin biltzea onartu du. Uztailaren 3rako adostu dute hitzordua, eta, data hori heldu bitartean, langileek San Martingo udal bulegoetan egiten ari ziren itxialdiari amaiera ematea erabaki dute. Peio Lopez de Munain lehen alkateordearekin ere bildu dira asteazkenean, baina, antza, negoziazioan ez da aurreratzerik egon.
Bitartean, arratsaldero EAJren egoitzaren aurrean egiten ari ziren kontzentrazioak ere bertan behera utzi dituzte. Udaletxearen aurrean goizero egiten duten elkarretaratzea, berriz, mantenduko dute.
Halere, langileek ohartarazi dutenez, alkatearekin izango duten bilera horretan jasotzen duten proposamena "egokia" ez bada, berriro ere mobilizazioak berreskuratzeko prest daude.
Langile Batzordeko presidente Tito Vidalen arabera, "oposizioan egon denean, EAJk beti babestu du Udalhitz hitzarmenean zehaztutako negoziazio esparrua". Eudel Euskadiko Udalen Elkartean EAJk gehiengoa duela gaineratu du Vidalek, eta, hortaz, Gasteizko Udalak erakunde horren gomendioa errespetatu behar duela esan du langileen ordezkariak. "Eudelek udal guztiei eskatu die Udalhitz 2008-2010 hitzarmenean dauden soldata taulak aplikatzea". Vidalen arabera, Gasteizko Udalean dauden soldatak taula horietan zehazten dena baino %2,6 txikiagoak dira.
Behin-behinekotasun tasak bere onera etortzea ere eskatzen dute. Langile Batzordeko kide Ruben Egiak azaldu du egoera: "Eudelek dio behin-behinekotasun tasa ez dela izan behar %6 baino handiagoa. Baina EAJk bere alkateei hau esaten dien bitartean, Gasteizen irizpide horiek ez dira aplikatzen". Langileen arabera, Gasteizko Udalean dauden behin behinekotasun tasak ia %40koak dira.
"Borondate politikoa egonez gero, helduleku juridikoak badaude egoera konpontzeko", Egiaren esanetan. Bestetik, udal gobernua gutxiengoan dagoela gogoratu du, eta alkatearen inbestidura babestu zuten taldeak "negoziazioaren alde" daudela ere azpimarratu du.
Aurrekontu falta
Langileen arabera, Udalak bi arazo argudiatu ditu: Estatuko aurrekontu orokorretan zehazten dena betetzea, eta, bestetik, dirurik ez dagoela. "Soldatei dagokienez, hor kostua egon daitekeela onartzen dugu, baina enplegu egonkortasunari dagokionez, ez dago kosturik. Are gehiago, Udalari merkeagoa aterako litzaioke funtzionarioak izatea eta ez kontratu tenporalak", esan du Vidalek.
Horregatik, langileek Lan Eskaintza Publiko bat eskatu dute. Langile batzordeko Fernando Ugartek salatu du horren inguruan dagoen informazio falta. "250 plaza atera litezkeela esan digute, baina ez dakigu zehazki nola egingo duten, ezta langileei nola eragingo dien ere".