Gasteizko Udaleko langileek itxialdi mugagabea hasi dute

Erredakzioa 2017ko eka. 6a, 13:20

Gasteizko udal langileak, protestaren berri emateko agerraldian.

2006tik, %10eko eros ahalmena galdu dutela salatu dute udal langileek.

Gasteizko Udaleko langileek itxialdi mugagabeari ekin zioten atzo, lan hitzarmenaren defentsan. Protesta San Martin auzoko bulegoetan egiten ari dira, txandaka; 8:00etatik 15:00etara, 15:00etatik 22:00etara eta 22:00etatik 08:00etara. Langileen batzordeak deitu duen itxialdi honekin, murrizketen eraginez, %10eko eros ahalmena galdu dutela salatu nahi dute, eta horren aurrean, "udalak soilik %1eko igoera eskaintzen digula". "2006tik ez dugu soldataren igoerarik izan, eros ahalmenaren %10 galduz".  

Hala, argi dute udal gobernuaren eskaintza ez dela nahikoa. "Benetan enplegua eta behin behinekoen egoera egonkortzen duen langileentzako eskaintza publikoa eskatzen dugu", adierazi du langileen batzordeak.  

Pasa den astean, Urtaran alkateari egoera "desblokeatzeko" bilera eskatu zuela gaineratu du ELA, LAB, CC OO, CSIF, Erne eta Sipla sindikatuek osatutako langileek batzordeak.

Langileek eskatzen dituzten baldintza horiek ematen ez diren bitartean, gatazkan jarraituko dutela ohartazi dute. Horrela, atzo abiatu zuten itxialdiarekin jarraituko dute, eta elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, Plaza Berrian, 12:00etan; eta EAJren Andre Maria Zuriaren plazako egoitzaren aurrean, 18:00etan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago