Iban Zaldua idazleak eta Blanca Urgell Kultura sailburu ohiak Errekaleor auzoa ez eraisteko mozioa aurkeztu dute gaurko osoko bilkuran, Errekaleor Bai idatzia sinatu zuten arlo anitzetako Gasteizko 150 lagunen izenean. Udalbatzak, ordea, auzoa bota behar dela berretsi du, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin.
Goizeko bilkuran egin duten agerraldian, alkatetzak Errekaleor "suntsitzeko" duen asmoa atzera botatzeko arrazoiak badaudela argudiatu du Zalduak. Udalak eman duen lehen arrazoia, segurtasunarena, alegia, ezin da aldarrikatu, Zalduaren esanetan, "aldi berean, segurtasuna murrizten duen neurri bat hartu" duelako. Arrazoi ekonomikoari dagokionez, Errekaleor eraisten 500.000 edo 700.000 euro erabiltzea "diru-xahuketa" izango litzatekeela adierazi du idazleak. "Beraz, ekonomiaren, aurrezkiaren izenean, ez jarraitu Errekaleor botatzeko planarekin".
Era berean, auzoa botatzeko erabakia "berdez mozorratzea" (baratz ekologikoak jarri nahi ditu bertan Udalak) aurpegiratu dio Urtarani, eta "ekologiaren eta birziklapenaren izenean, Errekaleorri aukera bat eman behar zaiola" gaineratu du.
Blanca Urgellek, berriz, Gora Gasteiz ekimena ekarri du gogora. "Ez dut pentsatu nahi, erabaki hau alkateak bakarrik hartu duenik. Niretzat, Gorka Urtarenen irudia Gora Gasteiz ekimenera lotuta baitago, mugimendu irekia eta pertsonen arteko elkarbizitza sustatzen duena, hain zuzen". Horrez gain, auziaren inguruan zenbait hedabidek zabaldutako mezua arbuiatu du. "Gero eta larriagoak dira; bertan bizitzea arrisku bat dela, Ertzaintza sartu dela, 'betikoak' daudela...". Mezu hauek guztiak iritzi publikoa "pozoitzen" ari direla uste du Urgellek. Hala, auzoari atsedena emateko eskatu du. "Beste behin Gasteizek argi utz dezake, proiektuak suntsitzea ez duela gustoko, eta zubiak eraikitzen dituela".
Azkenik, negoziazio mahaira itzultzeko eskatu diote bi ordezkariek Gasteizko alkateari.
Hala eta guztiz ere, Errekaleor ez eraisteko mozioa ez da aurrera atera, izan ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu dute.