Judimendi eta Lakua-Arriagako jaiek udari ongietorria emango diote

Erredakzioa 2017ko eka. 22a, 13:25

Judimendin ostegunean botako dute suziria, eta Lakua-Arriagan, ostiralean izango da Juanitoren jaitsiera. 

Urtero bezala, Gasteizko auzoen jaiek ematen diote ongietorria udari. Datozen egunotan, Judimendi eta Lakua-Arriaga auzoen txanda izango da, eta hilaren 22an eta 23an hasiera emango diete jaiei, hurrenez hurren. Judimendiren kasuan, bertako gazte mugimenduak Gazte Aste Kulturala antolatu du, jaien bezperarako.

Judimendi

Judimendiko Gazte Asanbladak Gazte Aste Kulturala antolatu du giroa berotzen joateko. Ekainaren 22an botako dute txupinazoa, 19:30ean, eta 26ra arte jai giroa izango da nagusi auzoan. Hurrengo egunean, ekainaren 23an, udari ongietorria emango diote San Juaneko suak piztuz, 22:00etan. Ondoren, Tximeleta taldeak girotuko du aurten ere urteko gaurik laburrena. 

Urteroko San Juaneko berbenaz gain, kontzertu desberdinak izango dira auzoan. Ekainaren 22an Harresian Zulo eta Eskean Kristo taldeek joko dute; bestetik, ekainaren 24an ospatuko den Gazte Egunean, Azken Aukera, Las Tipex eta Revolta Permanent taldeen txanda izango da. 

Egitarau osoa: Judimendiko Jaiak 2017

Lakua-Arriaga

Gasteizko ipar-mendebaldeko auzoaren kasuan, ostiralean hasiko dira jaiak. Eskulanak eta haurrentzako jolasak egongo dira arratsaldeko lehenengo orduetan, eta jaiei hasiera emateko, 20:00etan Juanitoren jaitsiera izango da, Alfontso XI.aren lehenengo plazan, Grupo Arte Galega gaita-jotzaileen taldeak girotuta. Udari ongietorria emateko suak 20:30ean piztuko dituzte. Gauean, Joselu Anaiak taldeak girotuko du auzoa.

Egitarau osoa: Lakua-Arriagako Jaiak 2017

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide