Eusko Jaurlaritzak Salburuan haur eta lehen Hezkuntzako Errekabarri ikastetxe berria eraikitzeko 8.717.350 euro bideratuko ditu, aste honetan Gobernu Kontseiluak onartu bezala. Lanak urtea amaitu baino lehen esleitzeko aurreikuspena du Jaurlaritzak, eta 18 hilabeteko epea izango dute, lanak hasten direnetik, eta hortaz, 2019-20 ikasturtera arte ez da prest egongo.
Bitartean, Salburuko familiak Errekabarri ikastetxea noiz eraikiko zain daude. Orain lau urte ikasleak Zaramagako Candido Ruiz de Garibay ikastetxera joan behar dira egunero, behin-behineko eraikin zaharrera.
Ikastetxe berria
Ikastetxe berriak 13.947 metro koadro zabal den orubean eraikiko da, Salburua auzoko Iliada paseatokian. Eraikin berriak Haur Hezkuntzako hiru lerro izango ditu, eta Lehen Hezkuntzako beste hainbeste. Orotara, 2 eta 12 urte bitarteko 700 ume baino gehiagorentzako lekua izango du.
Eraikin-multzoan hiru pieza bereiziko dira: Haur Hezkuntzako eraikina (behe solairua + gainean beste solairu bat), Lehen Hezkuntzako eraikina (behe solairua + beste 2 gainean), eta kirol pista estalia. Kanpoko kirol pistak hiru eraikin hauen artean kokatuko dira.