Salburuko familiak haur eta lehen hezkuntzako Errekabarri ikastetxea noiz eraikiko zain daude. Orain lau urte ikasleak Zaramagako Candido Ruiz de Garibay ikastetxera joan behar dira egunero, behin-behineko eraikin zaharrera. Egoera honen aurrean, Errekabarri ikastetxeko guraso elkarteak nekatuta dagoela adierazi du, Eusko Jaurlaritzatik eta Gasteizko Udaletik Salburuko Iliada pasealekuan eraikitzekoa den ikastetxearen berririk ez dutelako jaso. "Egoerak ez du aurrera egiten, eta behin-behineko eraikin batean egoteak gero eta arazo gehiago sortzen dizkigu", azaldu du ohar baten bidez Errekabarri Eguzki guraso elkartearen presidente Igor Lopez de Ondategik. Besteak beste, Salburuko umeek ikasteko egunero hiru kilometro inguru egin behar dituzte.
2016ko urrian gurasoek bilera eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari; abenduan, aldiz, Gasteizko Udalari. Baina bilera horren berririk ez dutela salatu du guraso elkarteak. Hala, hamabost eguneko epean egungo egoerari buruzko informazioa eskatu dute, bestela, "berriro irtengo gara kalera egoera salatzera".