Juan Gargallo Vazquezen kartelak iragarriko ditu aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak

Esti Lanao 2017ko eka. 2a, 12:37

Estibaliz Canto kultura zinegotziak aurkeztu du jaietako kartela. / E. Lanao

Alexandre Fernandez diseinatzaile gasteiztarraren '18:00h' izeneko lana baliogabetu ostean, erreserban zegoen lana izango da Gasteizko jaien iragarlea.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, Juan Gargallo Vazquezek egindako Perfiles de Vitoria lana izendatu dute kartel lehiaketaren behin-betiko irabazlea. Vazquez, 33 urtekoa, jatorriz irudigile gasteiztarra da, nahiz eta egun Valentzian bizi den.

Sei kartel finalisten artean, Perfiles de Vitoria erreserba bezala aukeratu zuen lehenengo epaimahaiak; bi diseinatzailek, Kultur Ekintzen Ataleko arduradunak eta Komunikazio eta Informazio Bulegoko bi teknikarik osatu dute epaimahai teknikoa. Hortaz, kartel lehiaketaren irabazle suertatu da, aurreko egunetan Alexandre Fernandezen lana lehiaketatik kanpo utzi ostean. Izan ere, kartel horrek lehiaketaren oinarrien 2. artikulua urratzen zuen, hots, argitaratugabea izatea. 

Ez da lehenengo aldia epaimahaiaren erabakia baliogabetzen dela; 1990. urteko jaietako kartel irabazlea ere bertan behera utzi zuen, 1917ko kartel baten bertsio bat zelako.

Aurkeztutako kartelen erakusketa uztailaren 10etik 28ra izango da, Lakua, Iparralde eta Hegoaldeko gizarte etxeetan. 

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago