Goizean, Kultura sailak aurtengo Gasteizko Jaien kartel lehiaketaren irabazlea iragarri du; Alexandre Fernandez diseinatzaile gasteiztarraren 18:00h izeneko lana. Eguerdian, egileak berak eta Udalak garaipena baliogabetzea erabaki dute; kartel irabazlea ez zen argitaragabeko lan bat, lehiaketaren oinarrien bigarren artikuluak zehazten duen moduan. Izan ere, Fernandezek, ñabardura gutxi batzuk kenduta, kartel berdina aurkeztu zuen 2013ko lehiaketara.
Artistak, gertatutakoaz jabetu denean, sariari uko egingo diola iragarri du, idatzi baten bidez. "Arau haustea onartzen dut, baina ez nuen ezagutzen", azaldu du. Era berean, Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok "akats honetara bideratu gaituzten gertaera guztiak" aitortu eta deitoratu ditu. Batetik, egilearen "fede txarra" baztertu du, eta bestetik, ez du zalantzan jarri aukeraketa prozesuan inplikatuta daudenek kartela argitaratugabea ez zela uste zutenik.
Gasteizko jaietako behin-betiko kartela datozen egunetan iragarriko du Udalak.