Maiatzaren 18an, Iberdrolako teknikariak, Ertzaintzak lagunduta, Errekaleor auzora joan eta argindarra moztu zuten. Horren ostean, Gasteizko Udalak Errekaleor eraisteko asmoa adierazi du. Hori dela eta, manifestazio internazionala deitu dute Errekaleorreko bizilagunek, Guk argi daukagu, herria bizirik lemapean.
Azken egunetako gertakarien ondotik, nola joan dira auzoko jaiak?
Iñaki Lopez de Foronda: Oso ondo. Gainera, izugarrizko lorpena da guretzat ekitaldiekin aurrera jarraitu izana, argindarrik gabe egon arren; gure baliabideeekin egin dugu, eta oso irakurketa positiboa ateratzen dugu handik. Jende asko gerturatu da, beharbada lehen gerturatzen zena baino anitzagoa, familian, herri bazkarian. Auzoko bizilagun ohiak ere izan dira gurekin, jaien txupinazoa bota dute gurekin, eta gu poz-pozik beraiekin.
Atzera eginez. Noiztik bizi zarete Errekaleorren?
Karla Berrojalbiz: Errekaleor Bizirik proiektua orain dela hiru urte hasi zen, 1959-60 urteen artean eraiki zen auzoan. Hamar ikaslek abiatu zuten proiektu hau duela hiru urte baino gehiago, eta ikusita Udalaren desjabetze prozesuaren ondorioz husten ari zirela, erabaki zuten auzokideekin lanketa bat egitea eta alternatibak aurkeztea auzo hori berreraikitzeko.
Nolako hartu-emanak izan dira Udalarekin?
K. B.: Hasiera hasieratik esan dugu irekita gaudela instituzio edo bestelako erakundeekin elkarrizketa izatera, eta hala egin dugu. Bi aldi bereizten ditugu; alde batetik, PPren legeladia eta, beste aldetik, EAJrena. Marotoren garaian, egia da, talde guztiekin bildu ginela PPrekin izan ezik, eta EAJ heldu zenean Udalera, egia da, harremanak alderdi jeltzalearekin uzkurtu egin zirela, nahiz eta guk hitz egiteko borondatea izan, eta borondate hori gutun bitartez igorri.
Maiatzaren 18ko gertakarien inguruan zein balorazio egiten duzue?
K. B.: Argia mozteko beste saiakera bat izan zen orain dela bi urte, PPren legaldian, gu handik aterarazteko helburuarekin. Saiatu ziren prekario bidezko desalojo batekin; forma juridiko honen bitartez auzoaren egitura infraetxea izendatzen da, bizitzeko egokia ez den egitura bat, eta hortaz, arrisku bat dagoenez baimena ematen da hori desalojatu eta ostean eraisteko. Saiakera hori hutsala izan zen. Auzora etorri ziren, informe juridikoak egin zituzten, eta positiboak ziren, orduan ezin izan zuten desalojatu, emaitza: argi mozketa bat. Maiatzaren 18koaz zer pentsatzen dugun? Jokaldia berdin berdina dela. Bide legala oso geldoa denez, beste saiakera bat ikusten dugu desalojo bat baimendu ahal izateko; gogoratu, gaur egun atari bakar baten aurkako prozedura dagoela Auzitegi Gorenean, eta badirudi denbora dexente egongo dela horretan. Nola egingo duten? Baldintza juridikoak sortu nahi dituzte gure auzoa eta etxebizitzak infraetxe izendatzeko. Argia eta ura moztuta. Aurreikusten dugu desgaste prozesu batean sartuko garela, prekario bidezko kaleratze bat bideratu ahal izateko.