Gasteizko Transbollomarika sarea eratu dute

Erredakzioa 2017ko mai. 17a, 13:37

LGTBIQ fobiaren inguruan gertatzen diren erasoei aurre egitea da horren egitekorik garrantzitsuena.

Transbollomarika sarea osatu dute Gasteizen. Bertako kide Beñat Ortiz de Lazkanok gogoratu du Gasteizko Logia tabernako ustezko erasoaren ostean hasi zirela biltzen: "Ezagunak dira musukatzen ari zirela, esandako tabernatik bultzaka kanporatu zituzten bi emakumeak. Hori kontuan izanda, hainbat lagun elkartu ginen eta batzar horretan agerian geratu zen eraso bat zegoen bakoitzean horri erantzungo dion elkarterik ez zegoela, kasu honetan mugimendu feministak zabaldu bazuen ere. Handik gutxira, inauterietan, eraso homofoboa izan zen hiriburuko alde zaharrean. Guzti horrek sortutako amorrua, kezka eta urduritasunak izan dira gure sorreraren zergatia".

Instituzioen "gabezia"

Bi helburu nagusi dituztela jakinarazi du Ortiz de Lazkanok. Batetik, esan bezala, "heteroarautik haratago" bizi direnen aurkako eraso translesbohomobifobiko guztiei aurre egitea; hain justu ere, "jendartearen indarkeriari aurre egitea". Bestetik, auzi honen inguruan, instituzioek duten jarrera salatzea ere bilatzen du sareak. Nabarmendu du, berez, Aldarte, Lesbiana, Gay eta Transexualen arreta zentroa, zerbitzua indarrean badago ere, ez duela "behar bezala" funtzionatzen, eta, horren harira, honako hau salatu du: "Badakigu Aldarte zerbitzura jotzen dutenek ez dutela arreta egokirik jaso. Hortaz, erakundeen gabezia horri ere egingo diogu aurre".

Hasi baino ez badute egin, baina "argi" dute nondik bideratu lana. Lehenik eta behin, eraso baten aurrean jarraitu beharreko protokoloa osatu dute; laster ikusiko du araudiak argia. Transbollomarika sareko kideak azaldu du ahalik eta jende gehienera heltzeko asmoarekin, sei hizkuntzatan nahi dutela argitaratzea: "Euskaratze prozesua dagoeneko eginda dago, baina beste hainbat hizkuntzara itzultzea falta da oraindik; kaleratzea atzeratu dezake horrek", aipatu du.

Horrez gain, hasi dira ekintzak antolatzen. Hazte Oir plataformaren autobusa dela eta, bi elkarretaratze egin zituzten bere garaian. Gaur, maiatzak 17, berriz, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren nazioarteko eguna da, eta horren bueltan, elkarretaratzea deitu dute Andre Maria Zuriaren plazan, 20:00etan.

Askotariko ekintzak egunotan

Ez da asteotan LGTBIQ fobiaren inguruan antolatu den ekintza bakarra. Laudion eta Gasteizen, esaterako, ortzadarraren koloreak dituzten zebrabideak margotu dituzte. Bestalde, Gasteizko Orbain kultura elkartean ere genero eta aniztasun sexualak punkarekin duen harremana aztertzen dabiltza egunotan. Horren barruan, ostegunean, hitzaldia eskainiko dute Jokin Azpiazu Carballo soziologoak eta Leire Lopez Ziluaga musika sustatzaileak, 19:00etan. Ostiralean, berriz, Olor taldearen kontzertua dago 20:00etan; eta emanaldia amaitzean, disko jartzaileak izango dira. Larunbatean, azkenik, Toys Sarasas eta Genderlexx taldeek joko dute ordu berean.

Gainera, maiatzaren 25rako, genero eta identitate aniztasunarekin lotutako arreta ematen duten udalen esperientziei buruzko mahai-ingurua prestatu du Gasteizko Udalak Goiuri jauregian, 18:00etan. Honako hauek hartuko dute parte: Bartzelonako Udalaren LGTBIQ politikaren koordinatzaile Meritxell Saez i Sellaresek, Madrilgo Udalaren TLGBQI osasun komunitarioko programaren aholkulari Nieves Salobral Martinek eta Iruñeko Udaleko Berdintasunerako teknikari Vanesa Eguiluz Gonzalezek. Jardunaldia amaitzean, dantza, musika eta antzerkia uztartzen dituen Limbo lana eskainiko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide