Igandeko Martin Fiz maratoia dela eta, Gasteizen trafiko mozketa ugari izango da egun osoan. 5.000 lasterkari inguruk hartuko dute parte proba ezberdinetan, kaleak jendez gainezka egongo dira, eta horrek trafikoa murrizteko beharra eragingo du. Hala, hiriko 80 kale eta bidegurutze inguru moztuko dituzte antolatzaileek, eta garraio publikoan aldaketak izango dira, autobusa, tranbia eta taxietan, esaterako. Besteak beste, Angulema eta Legebiltzarra geltokien arteko tranbiaren zirkulazioa eten egingo dute, 9:00etatik 17:30ak arte.
Oinezkoen lasterketak goizean izango dira; maratoi nagusia 9:00etan abiatuko da, Herrandarren kaletik. Txikiak 10:30ean aterako dira Andre Maria Zuriaren plazatik, eta kilometro bateko ibilbidea egingo dute.
Patinatzaileen lasterketaren ibilbidea azken momentuan aldatu behar izan du antolakuntzak, igandean Alaves eta Baskoniaren partidak daudelako. Hori dela eta, 14:30etik aurrera hasiko den Patinatzaileen proba zirkuitu itxian egingo dute, eta hiru ibilbide ezberdin izango ditu.