5.000 lasterkari bilduko ditu Martin Fiz maratoiak igandean

Erredakzioa 2017ko mai. 12a, 10:24

Iaz lasterkariz bete ziren Gasteizko kaleak, Martin Fiz maratoian.

Patinatzaileen probaren ibilbidea aldatu du antolakuntzak, egun horretan Alaves eta Baskoniaren partidak jokatuko direlako.

Datorren igandean Gasteiz lasterkariz beteko da, Martin Fiz maratoia dela eta. Guztira, sei proba izango dira egun horretan: maratoia (42 km), maratoi erdia (21 km), 10K proba, Maratoi txikia eta patinen lasterketa hiru (42 eta 10 km eta txikien lasterketa). 

Antolatzaileek 5.000 parte-hartzailetik gora aurreikusten dute aurtengo ediziorako, eta 578 pertsona inguru izango dira antolakuntzan.

Oinezkoen lasterketak goizean izango dira; maratoi nagusia 9:00etan abiatuko da, Herrandarren kaletik. Txikiak 10:30ean aterako dira Andre Maria Zuriaren plazatik, eta kilometro bateko ibilbidea egingo dute. 0 eta 12 urte bitarteko neska mutikoek parte-hartu ahal izango dute, txikienek beti ere gurasoek lagunduta. Bertan parte hartzeko web gunean eman beharko dute izena edo Boulevard Merkataritza Gunean. Dortsalaren prezioa euro bat izango da eta batzen den diru guztia Aspanafoa elkarteari emango zaio. 

Patinatzaileen lasterketaren ibilbidea azken momentuan aldatu behar izan du antolakuntzak, igandean Alaves eta Baskoniaren partidak daudelako.  Hori dela eta, 14:30etik aurrera hasiko den Patinatzaileen proba zirkuitu itxian egingo dute, eta hiru ibilbide ezberdin izango ditu. 

Ikusi hemen Martin Fiz lasterketaren ordutegiak eta ibilbideak.

Gosari osasuntsua 

Gainera, maratoiaren bezperan, maiatzaren 13an, goizez, antolatzaileek ekitaldi bat antolatu dute dagoeneko Gasteizen egongo diren maratoilari eta laguntzaileentzat, Breakfast Run izenekoa. Skechers-ek antolatutako lan-saio arina izango da eta bertaratzen direnek Martin Fizekin korrika egiteko aukera izango dute. Ondoren gosari osasuntsua eta running-aren gaineko hitzaldia izango dira. 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago