"Batek daki noiz dantzatuko dudan berriro Euskal Herrian, zaila da"

E.Ugarte eta A.Amenabar 2017ko mar. 5a, 20:00

Zazpi urte zituenean hasi zen dantza ikasten Gasteizko Jose Uruñuela kontserbatorioan Beñat Andueza, eta irailean formakuntzarekin jarraitzeko asmoz, Holandara joan zen, ballet nazionalaren akademiara. 

 

Txikitan euskal dantzak egiten zituen Beñat Anduezak (Gasteiz, 1998) Arantzabela ikastolan, eta etxeko egongelan attrezzo guztia jantzi eta telebistaren aurrean dantza egiten zuen. Gurasoei eskatu zien dantza klasikoa egin nahi zuela, eta Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioan matrikulatu zuten, zazpi urterekin. Iaz, 17 urterekin, Amsterdamera joan zen dantzaria, Dutch National Ballet Academyn formakuntza osatu eta dantzari profesionala izateko aukera baten bila. Dagoeneko kontratu bat lortu du, baina ez du argitu zer egingo duen. aleafm irratsaioan elkarrizketatu dute, aste honetan.

Zerk eraman zaitu Amsterdamera?

Gasteizen hasi nintzen dantza egiten, zazpi urte nituenean, bertako dantza kontserbatorioan, eta bertan bukatu nuenean, 17 urterekin, erabaki nuen formakuntzarekin jarraitzea; audizioak egin nituen Europako eskola batzuetan, aukera batzuk izan nituen, eta azkenean Holandara etortzea erabaki nuen.

Irailetik daramazu bertan, zer moduzkoa izaten ari da akademiako lana? Ondo moldatu zara bertako erritmo eta eskaeretara?

Bai. Ondo. Eskolan ordu gehiago dira aurreko urtean baino; 09:00etatik 18:00ak arte egoten naiz eskolan, bazkaltzeko egun batzuetan ordu erdi bat dugu, eta beste batzuetan justu-justu ibiltzen naiz; klaseak denetarikoak izaten dira, lehenengo orduetan klasikoa egiten dut, eta gero errepertorio desberdinak lantzen ditugu.

Formakuntzaren aldetik, zerbait faltan sumatu duzu?

Eskolako kideek gehiago ezagutzen dituzte dantzari baten beharrak eta nola zaindu behar duten bere gorputza.

Amsterdamera joan aurretik hainbat herrialdetan egon zara. Zer ikasi duzu etxetik kanpo? 

Beti izan dira dantzarekin erlazionatutako formakuntzarako aukerak, udako ikastaroak eskola ezberdinetan. Nik esango nuke, beste lanbide batzuekin alderatuta, dantzan goizago joan behar garela etxetik eta banatu behar garela familiarengandik eta lagunengandik, baina niretzat batez ere esperientzia pertsonal eta teknikoan oso interesagarriak izan dira egonaldi horiek.

Zein da zure helburua? Konpainia batean lan egitea? Zer aurreikuspen duzu?

Hasiera batean, hona etorri nintzenean, saiatu nintzen hemengo konpainian sartzen, baina hemengo zuzendariarekin hitz egin ostean berak zabaldu zidan beste konpainia batzuetara joateko aukera. Orain kontratu bat lortu dut, baina ezetzak ere jaso ditut, eta dantzariek jakin behar dugu ezetzak jasotzen eta ezin dugu horien aurrean gelditu eta blokeatu, jarraitu behar dugu lanean. Nik jarraituko dut audizioak egiten beste konpainietarako, Europakoak eta Estatu Batuetakoak.

Non gustatuko litzaizuke dantza egitea? Miresten duzun dantza konpainiarik badago?

Bereziki ez. Herrialde bakoitzak dauka bere estiloa, eta konpainia bakoitzak bere tradizioak ditu edo metodoak, baina egia da egun errepertorioa nahiko globala dela, dantza konpainia guztiek daukate errepertorio neoklasiko edo garaikidea eta klasikoa nahiko berdinak, beraz alde horretatik edozein konpainian gustura egongo nintzateke.

Euskal Herriko dantzariei erreparatuta, zer egoera ikusten duzu?

Nahiko kaskar. Badago jende pilo bat Euskal Herritik atera dena dantza egiteko asmoarekin, bai eskoletara, Madrilera jende asko, edo Europako eskoletara. Gainera, Europako eta munduko beste leku batzuetan izar handiak ditugu: Lucia Lakarra, Itziar Mendizabal, Jon Agirretxe, dantzari printzipalak dira konpainietan, baina Euskal Herrian ez dago aukerarik.

Erakundeen aldetik babesa falta dela uste duzu?

Bai. Erakundeen babesa falta da. Duela gutxi zabaldu dute Dantzerti, baina nik uste dut erakundeetatik ez dakitela nola mugitu dantzaren eta orokorrean artearen mundua.

Beraz, ezinbestez atera behar zarete  Euskal Herritik kanpo?

Bai. Formakuntza egin dezakezu zure herrian edo eskolan, baina lanbide bezala hartu nahi baduzu dantza, atera behar duzu Europara beste eskola batzuetara, audizioak egin, mugitu... Euskal Herrian ez dago dantza klasikoko konpainiarik.

Noiz ikusiko zaitugu berriro hemendik?

Euskal dantzariok ateratzen gara, eta gero batek daki noiz dantzatuko dugun berriro Euskal Herriko agertoki batean; zaila izango da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago