"Rotok ez ditu abesti guztiak berdinak; dinamikoak dira"

Zuriñe Etxeberria eta Iban Albizu 2017ko ots. 25a, 13:45

Gasteizko Roto rock taldeak zabalduko du GEU elkarteak Parralekin elkarlanean antolatzen dituen kontzertuen denboraldia. Eneko de Arza taldeko bateria izan dugu gure artean.

Eneko de Arza bateriak eta Oliver Marcos gitarra eta ahotsak osatzen dute Gasteizko Roto taldea. Asteartean, 20:30ean, Parral tabernan aurkeztuko dute azken lana. Zuzeneko indartsua agindu du De Arzak.

"Hautsi, apurtu, puskatu, txiki-txiki egin, birrindu, eten". Hori omen da Roto. Zer da transmititu nahi duzuena?

Izenak badu zerikusi handia gu taldea osatzea erabaki genuenean genuen egoera fisikoarekin eta mentalarekin; apurtuta geunden hasi ginenean, nik aspalditik daramat lesio bat orkatilean eta nire kideak sorbalda minduta du, gainera animikoki biok beste esperientzia musikal batetik atera berriak ginen eta ez geunden gustura. Bizi genuen momentu hartatik atera zen izena.

Noiz eta nola osatu zenuten taldea? 

Nik urte bat neraman jo gabe lesioagatik, baina bateria jotzeko gogoak berreskuratzen ari nintzen pixkanaka. Oliverren aurreko taldea Bronze izan zen, eta bi urte zeraman talderik gabe, abestiak konposatzen, bakarrik. Bere asmoa zen talde estandar bat osatzea, baina ni apur bat nazkatuta horrekin.

Oso interes desberdinak zenituzten.

Bai. Oso zaila da elkarbizitza lokal batean, harremanak, giroa, eta ni nazkatuta nengoen horrekin; Oliverri esan nion laguntza eskainiko niola baina talde batean ez nuela parte hartu nahi. Nahi gabe hasi ginen eta ikusi genuen abestiak soilik ahotsarekin eta gitarrarekin ondo zeudela. Oliverrek proposatu zidan bikote moduan jotzen hastea. Modan dago formatu hori, funtzionatzen du, eta oso erosoa da.

Biak zarete beste talde batzuetan ibilitakoak. Zerk bereizten du Roto?

Ez dakit. Nire baldintza bakarra da lagun artean egitea, disfrutatzea, jendeak disfrutatzen badu, are hobeto. Oliver hazi egiten da zuzenean, pertsonalitate handia du eta nik jarrera baloratzen dut, ez teknika, zuzenean erakusten den jarrera; asko ikasi dut Oliverrekin. Bateria bezala beti izan naiz atzean, eta lekuz aldatzea erronka bat izan da, akatsak oso agerian geratzen dira, eta abestiak beste modu batean planteatu behar ditut, koloreztatu behar ditut gehiago.

Rock estilo zabala da, zuen ukitu propioa saiatzen zarete ematen? Nola?

Biok nahiko melomanoak gara, eta komunean ditugu taldeak baina estilo ezberdinak ditugu. Azkenean Oliverrek agintzen du eta ni saiatzen naiz laguntzen, baina ondo konpontzen gara. Uztartzen ditugu diskurtsoak.

Kontzertu batzuk eman dituzue jada, nolakoa izan da esperientzia?

Kontzertua ematea da bost entsegu edo gehiago egitea bezala; urtarrilean bira bat egin genuen Galiziatik, lau kontzertu jarraian egin genituen, eta ikas-prozesu handia izan zen. 

Parral tabernan jotzeak zer esanahi du zuentzat? Zer espero duzue?

Toki kutuna da niretzat eta akustika ona da, oso ondo tratatzen zaituzte, eta ohitura bat landu dute. Asteartero joaten da jendea nahiz eta ez jakin nork joko duen. 

Zer eskainiko diozue jendeari, ezagutzen ez zaituztenei?

Rotok eskaintzen duena da abesti guztiak ez direla berdinak; bolumenak desberdinak dira, garrantzitsua da hori, dinamikoak dira, eta horrek egin dezake interesgarriagoa kontzertua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide