Baskoniak hasieratik erakutsi ahal izan zuen partida irabazteko grina eta lehen minutuetatik bere jokua inposatu nahi izan zion Tenerife aurkariari. Erasoko jokuan arerioaren defentsa gailenduta lortutako jaurtiketa garbiei esker, markagailuan aurreratzea lortu eta bere erritmoa ezarri zuten gasteiztarrek. Kanariarrek ordea Rodrigue Beauboisen defentsa ahulean topatu zuten Baskoniaren jokuari erantzuna emateko modua. Aldageletara bidea hartu aurretik gasteiztarrek defentsa gogortu eta aldeari eustea lortu zuten.
Bigarren zatiari gogotsu ekin zioten bi taldeek eta urduritasun zein akatsak izan ziren nagusi. Joku nahasia zen nagusi kantxan eta bi taldeetako bakar batek ezin izan zuen bere erritmoa inposatu.
Azken txanpan gasteiztarren gidaritza Larkin estatubatuarren esku geratu zen eta bere saskiratzeek Baskoniaren aldeko markagailua mantentzea lortu zuen. Partida bikaina jokatu zuen joku antolatzaileak eta bere izan zen jokalaririk nabarmenduena, 26 puntu eta 8 asistentzia lortuz. Tenerifek ez zuen partida galdutzat eman nahi izan eta erasoko erreboteari zein Grigonis jokalariaren ekarpenari esker, 23 puntu eta 6 asistentzia, azken unerarte partidan sartuta egotea lortu zuten.
Azken minutuetan jokoaren kontrolari eustea lortu zuen Baskoniak eta urduritasunak gaindituta, zalegoari lehen garaipena eskaini ahal izan zieten jokalariek. 14.000 ikusle bertaratu ziren atzo Buesa Arena kantxara eta 'MVP, MVP' ohiuen artean agurtu zuten Larkin, partiduko izarra.
Finalerdietan Real Madril aurrez aurre
Finalerdietara begira arabarrek Real Madril izango dute aurkari, larunbata 18:30ean. Atzo jokatutako beste partiduan uste baino zailtasun gehiago jarri zizkion Morabanc Andorra taldeak faborito nagusiari. Pablo Lasoren mutilak partiduko minutu askotan zehar markagailuan atzetik joan ondoren, azken uneko hiruko bati esker lehia berdindu eta luzapena behartu zuten. Minutu gehigarri horietan beraien kalitatea nagusitu zen eta kasu honetan ere joku antolatzailea izan zen partidua erabakitzeko gako nagusia. Sergio Llul-ek 22 puntu lortu eta 11 asistentzia banatu zituen taldekideen artean. Aditu gehienen ustez larunbatekoa aldez aurretik jokatuko den finala izango da, nor baino nor izango baitira momentu honetan dauden bi talde faboritoak.