Errege Kopa hasi aurretik Baskoniako entrenatzaileak asteburuko lehiaketara begira bere taldearen abiapuntua zein den azaldu du medioen aurrean. Azken asteetan jasan dituzten porrotek argi uzten dute taldea ez dagoela sasoi punturik onenean, eta hori gutxi balitz zenbait jokalari minduta daude eta beraien partaidetza zalantzan egongo da azken unerarte. "Ez dut uste partidarako jokalari guztiak prest izango direnik. Azken entrenamenduaren ondoren ikusi beharko dugu jokatzeko zalantzan dauden lau jokalarien egoera zein den eta orduan hartuko dugu erabakia", adierazi du Sito Alonsok.
Toko Shengeilaren partaidetza ia erabat baztertu dute Baskoniaren medikuek, bere errekuperazio prozesua behartzea luzera kaltegarria izan daitekeela iritzita. Zalantzan dauden gainontzeko jokalarien egoera aldiz, azken entrenamenduaren ondoren izandako sentsazioen araberakoa izango da.
Urtean zehar zenbait aldiz arazo fisikoak izan dituen Bargnani italiarrak ere partidara begira partaidetza airean dauka. "Bargnani gripeak jota ibili da egunotan eta gaizki pasa du. Jokalariak taldea laguntzeko eta bere jokoaren kalitatea zaletuen aurrean erakusteko irrikaz dago." Argi dago jokalari honek ezin izan duela oraindik bere joku maila erakutsi eta zaletuek bezalaxe entrenatzaile madrildarrak ere urte bukaerara begira bere kalitatea erakusteko moduan egon dadila desio du: "Gasteizera etortzeko erabakia hartu zuenean goi mailako jokua egiteko egin zuen eta oraindik ez du horrelakorik lortu. Jokalariak zaletuen konfidantzari erantzuna eman nahi die eta bera ere jakitun da oraindik ez duela horrelakorik lortu. Denboraldia luzea da eta denon artean bere joko sentsazio onak berreskuratu ditzala lortu behar dugu."
Baskonia ez da Koparako faborito
Errege Koparen inguruan beti esan izan da badagoela etxeko taldearen kontrako madarikazioa eta inoiz gutxi irabazten dutela lehiaketa. Baskoniak maldizio hori puskatzea lortu zuen 2002. urtean eta oraingoan ere helburu bera izango du. Halere, taldeko kideak jakitun dira ez direla lehiaketara joku momenturik onenean iritsi eta beste talde batzuek hartuko dutela faboritoaren rola. "Ezin dugu negatiboak izan. Badirudi aldez aurretik inork gutxi pentsatzen duela titulua irabazteko aukerarik dugunik eta Kopan egotea merezi dugunik ere zalantzan jarriko dute batzuek. Guk argi dugu edozein txapelketa irabazteko gaitasuna dugula. Aurten asko gozatu eta gozarazi dugu gure saskibaloi mailarekin eta berriz ere hori lortu nahi dugu." argitu nahi izan du Sito Alonsok.