EH Bilduren esku dago aurrekontuei buruzko azken erabakia

Erredakzioa 2017ko ots. 1a, 15:05

Miren Larrion eta Antton Belakortu, agerraldi batean.

EH Bilduk asanbladara deitu du konfiantza galdeari buruz erabakitzeko; PPk ezezko "irmoa" emango dio Urtarani.

EH Bilduk asanbladara deitu du larunbata honetan, Gorka Urtaran EAJko alkateak 2017ko aurrekontuak onartzeko aurkeztu duen konfiantza galdeari buruz erabaki bat hartzeko. PPko Euskadiko lehendakari Alfonso Alonsok, berriz, alkatearen "ahultasun politikoa eta ardura falta" salatu ditu, eta Gasteizko historian "krisi handiena" sortzea leporatu dio. Ezezko "irmoa" emango dio Urtarani. Leticia Comeron PPko zinegotziak nabarmendu du "galtzaileen itun" bati esker heldu zela Urtaran alkatetzara, eta uste du horrek ez duela "ezertarako" balio izan.

Asteartean goizean iragarri zuen alkateak ezohiko formula erabiliko duela Udalaren "egoera desblokeatzeko" eta 2017ko aurrekontuak aurrera ateratzeko, behin udalbatzak kontuak atzera bota ondoren. Hala, astelehenean deitu du konfiantza galdea eztabaidatzeko ezohiko osoko bilkura. Bozketa horretan Urtaranek gehiengo sinplea lortzen ez badu, hilabeteko epea irekiko da oposizioak ordezko alkategai bat adostu eta aurkezteko. Hori gertatu ezean, alkateak udalbatzaren konfiantza lortu eta aurrekontuak automatikoki onartuko dira.

Alta, bigarren aukera bat da asteleheneko plenoan PPk, edo EH Bilduk edo biek abstentziora jotzea, eta gehiengo sinplearekin aterako litzateke aurrera aurrekontua.

Nolanahi ere, EH Bilduren eta PPren esku dago azken erabakia. Alkateak badaki oso zaila dela EH Bildu eta PP ados jartzea zentsura mozioa aurkeztu eta hautagai alternatibo bat adosteko. 

Abstentzioa mahai gainean

Abstentzioaren inguruan galdetuta, Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak iradoki du aukera hori aztertuko dela larunbateko batzarrean: "Urtaranek ireki duen zuloa itxi behar dugu, hori da lehentasuna, ezohiko egoera hau desaktibatu behar dugu; aztertu behar dugu nola egiten dugun hori. Nire posizioa da zuloa itxi behar dugula eta akordio zabalak bilatu behar direla egungo egoera gainditzeko".  

Dena den, EH Bilduko zinegotziek konfiantza galdea aurkezteko erabakia gogor kritikatu dute, eta nabarmendu dute Gasteizko Udala "ez dagoela blokeatuta", eta horrenbestez "beharrezkoa ez den ezohiko neurri bat" hartu duela alkateak. 

EH Bilduko zinegotzi Antton Belakortuk gaineratu duenez, talde abertzaleak konpromisoa hartu zuen udal gobernuarekin "hiriko gai nagusiak" aurrera ateratzeko, eta modu horretan konfiantza galdea saihesteko. Alta, EH Bilduko eledunen ustetan, "inaugurazioak" eta "argazkiak egitea" lehenetsi ditu Gorka Urtaran alkateak, eta herritarren beharrak "alboratu" ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago