San Anton eguneko zozketak, 235 urteko historia

Erredakzioa 2017ko urt. 17a, 09:46

Lehen zozketa 1781ean egin zen, babes-etxean.

San Anton eguneko zozketak 235 urte beteko ditu aurten. Egutegian munta txikiko jaia izan arren, gasteiztarrentzat berezkoenetako eta herrikoienetako bat da. Ohi denez urtarrilaren 17an ospatuko da. Zozketa hau San Prudentzio egoitzarekin lotuta egon da hasiera-hasieratik. Izan ere, eraikin hartan umezurtz-etxe edo babes-etxea fundatu zen 1778an, umeak hartzeko, eta geroago, eskaleak eta txiroak. 1963an adinekoentzako egoitza bihurtu zen.

Hain zuzen ere, San Pedro parrokiako San Antonio Abadearen kofradia da zaharrenetako bat. Lehen zozketa 1781ean egin zen, babes-etxean.

Zozketarekin lotutako bitxikeriak

-  Kofradia arduratzen zen lehen txerriak bedeinkatu eta zozketatzeaz erruki-etxea 1778an fundatu zen arte, eta bertan egin zen 1847an udaletxera aldatu arte.

-  1781eko urtarrilaren 17an izan lehenengo zozketa, babes-etxea mantentzen laguntzeko. Bertatik haurrak, alderraiak, txiroak... pasa ziren.

- 1778ko abuztuaren 3an sortu zen babes-etxea Carlos III erregearen zedula baten bidez, eta Real Junta de Diputación a Pobres izenekoak zuzendu zuen.

- Zozketa egiteko sistemak aldatzen joan dira. Hasieran loteria-ontzi bat erabiltzen zen. Gero, bolak zurezko bost kutxatan sartzen ziren, bertatik ateratzeko, eta sariak beste kutxa batean; orain ere metodo hori erabiltzen da. Garai batean loteria nazionalaren zozketaren zenbakiak erabili ziren.

-  Bolak ateratzeko kaobazko kutxak, bolak jartzen diren erakustokia, sarien kutxa eta satin granatezko poltsa lehengo berak  dira.

-  Garai batean, babes-etxean zeuden umeek kantatzen zituzten zenbakiak eta sariak. Gaur egun egoitzan bizi eta ekitaldira bertaratzeko gai diren adinekoenek ateratzen dituzte bolatxoak.

-  Lehen saria beti izan da txerria, eta beste garai batzuetan lau txerri ere zozketatu izan dira.

- 1888tik 1895era arte ez zen zozketatik egin. 1944,1945 eta 1946an ere ez.

-  Gaur egun bilkuren aretoan egiten da zozketa, eta txokolatea Kinten aretoan zerbitzatzen da.

 Lehen saria beti izan da txerria, baina gaur egun, legeak agindutakoari jarraituz, ez da zozketatzen, sinbolo gisa irauten badu ere. San Pedro elizako atarian bedeinkatzen da eta zozketaren lehen saria txerri-produktuen sorta bat da.

Urteen poderioz jaiak protagonismoa galdu zuen, eta horregatik sortu zen San Anton Txikiren zozketa 1998an. Txokolatezko bi txerri zozketatzen dira hiriko ikastetxeetako Haur eta Lehen hezkuntzako gelen artean, egun hori umeen artean zabaltzeko asmoz. Udal Folklore Akademiak eta Txistulari Bandak ere hartzen dute parte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago