Chrysallis Euskal Herria elkarteak haur transexualen errealitatearen berri emateko ekimena abian jarri du, Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak lelopean, baina azken egunotan zenbait eraso jasan ditu kanpainak. Batetik, pintada transfoboak agertu dira Euskal Herriko zenbait herritan jarri dituzten karteletan. Gasteizen, esaterako, Zabalgana hiribidean kokatuta zegoen publizitate hesi bat erasotu dute gauean: kristala apurtu eta kartela lurrera bota dute, Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu duen argazkian ikus daitekeen moduan.
Facebooken erasoa
Era berean, kalean ez ezik, sarean ere bestelako trabak izan ditu kanpainak: aurretik, Facebookek irudiak zentsuratu zizkien, gerora atzera egin badu ere, "akatsa" izan zela esanez. Baina hori egin eta denbora gutxira, euskarazko kartela zentsuratu dutela salatu du elkarteak.
Transexualen egoera ikustaraztea
Kanpainak haur transexualen egoera ikusaraztea du helburu, ikusmenak ulermena ekarriko duelakoan, hala, adingabe horiei bizi osorako iraun dezaketen traumak eragozteko. Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak leloarekin abiatu du kanpaina Chrysallis Euskal Herria elkarteak, haur transexualen errealitatea ezagutarazteko asmoz. Chrysallis elkarteak 28.000 euroko laguntza jaso du. New Yorken bizi den euskal jatorriko bat da laguntza eman diena, baina ez dute besterik esan eman duenari buruz. Izan ere, dirua ematearen baldintza zen bere nortasuna ezkutuan mantentzea.