Abenduaren 3an Euskararen eguna ospatuko da, eta gaur goizean 2016ko Euskaren Asterako egitaraua aurkeztu dute Oihaneder Euskararen Etxean. Azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean, hainbat jarduera eskainiko dituzte hainbat talde euskaltzalek, tartean GEU elkarteak, Arabako Aleak eta Bertsozale elkarteak, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin batera.
Gasteizen 365 egun euskaraz bizi nahi dugu lema duen programa azaroaren 26an hasiko da. Mintzodromoa, Kantari Gasteiz karaokea, kontzertuak, antzerkia, erakusketak, filmak, kalejira eta kandelen mosaiko erraldoia egingo dira.
Egitarau zabala
Jarduerak larunbat honetan hasiko dira, hilaren 26an, eta mintzodromo familiarra eta Jon Maiaren hitzaldia izango da Zabalgana auzoan, etorkinen integrazioa eta bertakoen egokitzapenari buruzkoa. Azaroaren 27an Kantari Gasteiz Karaokea egingo da, Arabako Aleak, Oihaneder Euskararen Etxeak, Goienak antolatua eta Vital Fundazioaren laguntzarekin. 29an, berriz, Kirmen Uriberen azken nobelaren aurkezpena egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. 30an, Oihaneder Euskararen Etxeak #Gasteizenbaieuskarari mintzodromoa hartuko du goizean, eta arratsaldean, 19tan, Aginako zero bat emanaldia.
Abenduaren 1an Mami lebrun antzezlana izango da Principal Antzokian, Xake Produkzioak ekoitzia. Lan hau 2an errepikatuko da, hainbat zentrotako ikasleentzat. 2an, gainera, Euskararen Ginkanaren finala egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, eta 2016ko Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak banatuko dira.
Abenduaren 3a, erronken eguna
Abenduaren 3an, Euskararen Eguna ekitaldiz beteta egongo da. Zikoinak filma ikusgai egongo da Florida zinemetan umeentzat, Euskaraz Bizi Nahi dugu bertso bideo-kliparen aurkezpena egingo da Arabako Bertsozale Elkartetik eta Arabako Alea aldizkariak jarriko duen Euskaldunon Erronken Zuhaitza inauguratuko da. Euskararen erabileraren eguna ospatzeko, gainera, kalejira egingo dute elkarteek Andre Maria Zuriaren plazaraino, Oihanederretik; eta bertan, iaz bezala, Euskarak 365 egun kandelen mosaikoa piztuko du GEU elkarteak.
Programazioan parte hartu duten eragileak hauek dira: Geu elkartea, Bai Euskarari Elkartearen Ziurtagiria, Alea aldizkaria, Euskaltzaleon Topagunea, Euskara Zabalduz Zabalganan, Laboral Kutxa, Arabako Bertsozale elkartea, Jimmy Jazz Gasteiz, UPV-EHUko Mikel Laboa katedra, Vital Fundazioa, Diario de Noticias de Álava, eta Principal Antzokia