Pichiak "ostrazismo sozialera" kondenatu nahi dituztela salatu dute zenbait elkartek

Erredakzioa 2016ko urr. 31a, 12:44

Ongi Etorri, Arabako Sos Arrazismoa eta Mugarik gabeko euskal bizilagunak elkarteek Abetxuku bizi den familiaren aldeko oharra argitaratu dute.

Ongi Etorri, Arabako Sos Arrazismoa eta Mugarik gabeko euskal bizilagunak elkarteek Abetxukun bizi den Pichiak familiako bikote bat eta bere si seme-alabak "ostrazismo sozialera" kondenatzeko saiakerak egiten ari direla salatu dute. Familia Abetxukun okupatu zuten etxebizitza batean bizi da eta dagoeneko desjabetzea martxan da.

Azken asteetan Gasteizen Pichiak kanporatzeko eskatzeko antolatu diren manifestazioak eta elkarretaratzeak deitoratu dituzte hiru elkarteek, ohar baten bidez. Era berean, "zenbait komunikabidek etxebizitza baten okupazio baketsu baten gertaera handitu izana" gogorarazi dute.

Oharra sinatu duten hiru elkarteek eta familiak berak gogora ekarri dute etxe baten okupazioa ez dela "eguneroko" kontua, baina hala ere, "beharra" dagoenean egin ohi den ekintza dela azpimarratu dute. Gainera, familia hau "gatazkatsutzat eta antisozialtzat" jotzea salatu dute. Ildo horretan, egoera honen aurrean ezer ez egitea gaitzetsi diote Gasteizko Udalari.

Gogoratu dutenez, Abetxukun bizi den familia Euskadiko Fiskal Nagusi Juan Calparsororekin bildu zen aurreko astean, etxebizitzaren aurrean mobilizazioak egiten dituzten bizilagunek egiten duten "erasoa" salatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago