2.500 pertsona inguruk Pichiak Abetxukutik kanporatzeko eskatu zuten larunbatean

Erredakzioa 2016ko urr. 31a, 09:41

Uribe Nogales auzo elkarteak deituta, udan auzoko etxe bat okupatu zuen ijitoen familia bertatik alde egiteko eskakizuna eraman zuten bizilagunek Gasteizko erdigunera.

Larunbatean Pichiak bezala ezagutzen den ijitoen familiaren aurkako protesta egin zuten Abetxukuko bizilagunek, Uribe Nogales auzo elkarteak deituta. 2.500 pertsona inguru elakrtu ziren ma arratsaldeko 19:00etan auzotik abiatu zen manifestazioan. Besteak beste, 'Elkarbizitza da, ez arrazismoa' bezalako leloak entzun ziren manifestazioan. Arriaga/Lakua, Pilar, Koroatzea, Zaramaga eta Alde Zaharra auzoak zeharkatu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan elkarretaratzea egin zuten. Bertan, auzo elkartearen presidente Oscar Gonzalezek ohar bat irakurri zuen eta "ijitoen familiak auzoan eragin duen segurtasun ezaren aurrean auzoak duen jarrera" defendatu zuen.

"Ez dugu ulertzen zergatik edozein pertsonak jabea duen etxe bat har dezakeen. Ezta ere zergatik politikariek ez duten ezer egiten. Baina batez ere ez du ulertzen zergatik dioten jatorriz auzo immigrante, langile eta xume bat arrazista dela", azaldu zuen Gonzalezek. "Auzoak bere izaera defendatzen ari da, errespetua eta ongizatea aldarrikatuz".

Gatazka

Bizkaitik datorren familia abuztuan heldu zen Abetxukura. Bertan, Kristo kaleko 54 zenbakian etxe bat okupatu zuen eta geroztik istiluak izan dituzte bizilagunekin. Besteak beste, inguruko okindegi batean lapurtzeko saiakera egin zuten eta bigarren etxe bat okupatzen saiatu ziren. Tirabira hauen aurrean, Abetxukuko bizilagunek hainbat protesta egin dituzte auzoan, Pichiak kanporatzeko eskatuz.

Aurreko irailean Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Gizarte Politiken eta Osasun Publikoen zinegotzi Peio Lopez de Munain Abetxukuko bizilagunekin bildu ziren, baina Gasteizko Udalak egoera konpontzeko gauza gutxi egin dezakeela azaldu zuten. "Ebazpen judizialik gabe ezin ditugu behartu etxe hori uztera", azaldu zuen alkateak.

Pasa den astean, berriz, SOS Racismo eta Gao Lacho Drom elkarteak Pichien alde agertu ziren, Abetxukuko auzokideei bidalitako gutun baten bidez. Mobilizazioak bertan behera uzteko eskatu zieten eta familiaren aurka "biolentzia soziala" egitea leporatu zieten. Hala ere, Abetxukuko lagunek euren aldarrikapenekin jarraitzea erabaki dute eta oraingoan Gasteizko erdigunera eramango dituzte.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago