Atzo Michelin enpresan langile bat hil zela salatzeko, 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzeak deitu ditu gaurko Ferroser-eko eta Michelineko enpresa batzordeak. Izan ere, azpikontrata honen behargina Gasteizko pneumatikoen lantegian ari zen lanean, istripua gertatu zen momentuan. Lanuztea goizeko zazpietan hasi eta larunbat goizeko zazpiak arte luzatuko da. Bi agerraldi egingo dituzte: bata ostiraleko 8:00etatik 12:00etara Michelinen lantegiko ate ondoan, eta bestea ostiraleko 13:00etan Gasteizko Correos plazan.
Era berean, goizeko zortzietatik aurrera elkarretaratzea egin dute langileek, lantegiko sarreran.
48 hildako, 2016an
Gasteizko Michelin lantegian hiru hilabetean hil den bigarren langilea da. Izan ere, abuztuaren 1ean enpresa berean beharrean zegoen beste gizon bat zendu zen. 2016an 48 langile hil dira lan-istripuz Euskal Herrian, Lab sindikatuak salatu duenez. Aurten, Michelinek Gasteizen duen enpresan bi behargin hil dira, lanean zeundela.