Autobus azkarraren kudeaketa-ereduak zalantzak sortu ditu oposizioan

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko urr. 26a, 17:01

Nanteseko autobus azkarra.

Enpresa pribatu batek hartuko luke bere gain autobus azkarraren eraikuntza, teknologia eta gastua.

Autobus azkarraren proiektuak zalantzak sortu ditu Gasteizko Udaleko oposizioko taldeen artean. Eusko Jaurlaritzak garraio elektrikoaren bideragarritasuna aztertzeko egin duen txostena kritikatu dute eta kezka azaldu dute BRTaren finantzazioa, kostua eta, batez ere, kudeaketa-ereduarekin.

Garraiobide express hau ezartzeko lanek 100 milioi euro baino gehiagoko kostua izango dute eta hiru erakundeek ordainduko dute: Jaurlaritzak %65 eta Aldundiak eta Udalak, bakoitzak %17,5.  Aipatutako txostenak proposatzen duenez, enpresa pribatu batek hartuko luke bere gain horren eraikuntza, teknologia eta gastuak, hamabost urtez. Zerbitzuaren kudeaketa, ordea, publikoa izango litzatekeela argitu du Udal Gobernuak eta Tuvisak ezarriko luke prezioen politika. 

Kostua, "neurrigabekoa"

PPk eta Podemosek inbertsio honek udaleko diru-kutxan eragingo duela kritikatu dute. "Neurrigabeko kostua da. Gainera, Tuvisako autobusek dagoeneko bermatzen duten linea bat ordezkatzera dator", azpimarratu du PPko bozeramaile Leticia Comeronek.  "Egia da autobusak aktibo moduan jasoko ditugula, baina hamabost urte izango dituzte eta geroztik, mantenua gure esku egongo da". 

Kudeaketa-ereduari dagokionez, iritzi berekoak dira EH Bildu eta Irabazi; gestio publikoa defendatzen dute. Izan ere, talde biek proiektua aurrera eraman nahi dute. "Zenbait udal talde hemerotekara pasako dira 'tren hau' pasatzen uzteagatik. EH Bildu ez, eta proiektua hobetzeko proposamenak egingo ditugu", azaldu du EH Bilduko Miren Larrionek.  "Proiektuak oraindik eztabaida eta denbora behar du". Irabazirentzat eta BRTa "inbertsio estrategikoa" da eta horren kontra egitea "Green Capitalaren baloreen aurka egotea da". 

EH Bilduk eskatuta, ezohiko agerrialdia egin zuen Gorka Urtaran alkateak. Besteak beste, gaia eztabaidatzeko Mugikortasun Mahaiaren bilera berehala deituko duela iragarri du. Gainera, proiektuak Europatik bederatzi milioi euroko laguntza jasotzeko aukera izango duela azaldu du. "Ezinbestekoa da aukera hau baliatzea. Ez dezagun aukera galdu".  

1.000 aparkaleku gutxiago

BRT edo autobus azkarra edukiera handiko ibilgailu elektrikoa da. Errei esklusiboak izatez gain,  lehentasuna izango du semaforoetan. Autobusaren egungo  linea periferikoaren (L2) ibilbidea egingo du, Jose Atxotegi kaleko zatian izan ezik. 24 geltoki izango ditu  guztira eta hiriko hamabost bat auzo zeharkatuko ditu, tartean, Pilar, Zaramaga, Adurtza eta Ariznabarra. Hori dela eta, ibilbidearen zenbait kalek aldaketak jasango dituzte eta besteak beste, 1.000 aparkaleku inguru galduko ditu hiriak. 2019an martxan egotea aurreikusten dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago