Autobus azkarraren "neurrigabeko" kostua kritikatu du PPk

Erredakzioa 2016ko urr. 24a, 16:53

Nanteseko autobus azkarra.

"Gasteizko tranbiak kostatu zuena baino gehiago gastatu nahi dute autobus azkarrean", kritikatu du PPko bozemaraile Leticia Comeronek.

Gasteizko Udaleko PPko bozeramaile Leticia Comeronek kritikatu du Gasteizko autobus azkarra martxan jartzeko kostua "handia" izango dela, BRTan 100 milioi euro baino gehiago gastatzea "neurrigabekoa" iruditzen baitzaio.

Gaurko agerraldian Eusko Jaurlaritzak egindako azterketari erreferentzia egin dio, BRTa kudeatzeko kontratu publiko-pribatu bat proposatzen duena. Besteak beste, erakunde publiko bakoitzak 15 urteetan 105 milioi euroko kanona (urtean 7,3 milioi BEZa barne) ordaintzea planteatzen du.

Comeronen ustez, "neurrigabeko" kostua da, batez ere, diru hau "dagoeneko Tuvisako autobusek bermatzen duten linea bat ordezkatuko duen autobus azkarrera" bideratuko delako. "Hau da, autobus batzuen ordez beste batzuk jarriko dira".

Zentzu horretan, Gasteizen tranbia martxan jartzeko diru gutxiago gastatu zutela azpimarratu du PPko bozeramaileak. Gainera, tranbiaren mantenua Udalaren ardura ez dela gogorarazi du , "baina BRTaren kasuan, lehenago edo beranduago, Udalak bere gain hartu behar izango du”.

Era berean, PPk ez du uste autobus azkarrak hiriko garraioari onura garrantzitsuak  ekarriko dizkionik. "Are gehiago, Gasteizen 1.000 aparkaleku inguru kenduko ditu".

Azkenik, proiektuaren xehetasunak prentsaren bitartez ezagutu izana leporatu dio Udal Gobernuari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago