Parkour erakustaldia egingo dute Gasteizko Armentum parkean

Erredakzioa 2016ko urriaren 13a

Larunbatean Armentum parke erromatarrean parkour erakustaldia eskainiko du Tea gazte taldeak. Larunbateko 11:00etan hasiko da ekitaldia, Mariturri auzoko parkean.

 

 

Tea gazte taldeak aurkeztu zuen proposamen bat Haziak gazteei zuzendutako lehiaketan erakustaldia egiteko, eta horixe egitea lortu du. Erakustaldiaz gain, Iñaki Lasaga donostiarra izango da bertan, kirol honetako aditua.

“Vitoria-Gasteiz Hobetuz” herri bozkaketaren ondorioz, Euskadiko lehenengo parkour eremua eraikiko dute Gasteizen. Proposatu zuten zortzigarren proiekturik bozkatuena izan zen, 257 lagunek proposamena babestu zutelarik (%11,47). Guztira 200.000 euroko aurrekontua aurreikusi ditu Gasteizko Udalak proiektu honetarako.

Zer da parkourra?

Parkourra gorputza ingurune konplexu batean toki batetik bestera mugitzean datza. Kirolgileek era azkar eta efizientean egin behar dute, inolako ekipamendu edo laguntzarik gabe. Alegia, bakarrik euren gorputza erabili ahal dute.

David Bellek asmatu eta garatu zuen kirol hau 1980ko hamarkadan, baina ez zuen osperik lortu hurrengo hamarkadara arte, filmetan agertu eta gero. Frantziarra armadetako oztopo-lasterketetan inspiratu zen kirol honen sorrerako. 

Parkourra praktikatzerakoan, kirolariek ariketa fisikoa era ezberdinetan egiten dute: korrika, salto eginez edota eskalatzen besteak beste. Kirol hau banaka zein taldeka egin daiteke eta hiriko lekuetan burutzen da batez ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago