Arnaldo Otegi lehendakarigai moduan aurkeztu ezin daitekeela jakin eta berehala mezua zabaldu zuen Miren Larrionek (Legazpi, 1969) sare sozialetan, astearte gauean: "Otegi hautagai izatea nahi ez badute, milaka izango gara, herri bakoitzean, auzo bakoitzean". Erabaki hauek sortzen duten nekea eta amorruaren aurrean, EH Bildu "indarberrituta" datorrela azpimarratu nahi du.
Konstituzionalak hartutako erabakiak nola baldintzatuko du kanpaina?
Konstituzionalak eta Madrilek dena baldintzatu nahi dute, jakina denez: LOMCErekin egin dute, lan erreformarekin, edo jendearen interesak defendatu beharrean zorra ordaintzea helburu duten lege berriekin. Beste pauso bat izan da hau, ez uzteko herri honi egin nahi duen bidea egiten. Edozein kasutan, herri zahar honek badaki aurrera egiten eta aurkituko du bidea horretarako, ez dut zalantzarik. Ruperren abestiak esaten duen bezala, "biderik estuena ere aurrera doa".
Arnaldo Otegik hauteskunde kanpainarekin jarraituko duela jakinarazi duzue.
Zerrendetan ez da agertuko baina jarraituko du gure ahotsa eramaten eta gure eledun izaten. Dena den, beti esan dugu EH Bildu talde proiektua dela, herri proiektua, eta oraingoan ere taldeak indartsu jarraituko du lanean.
Hauteskundeak igarotakoan nor izango da ordezkaria?
Legebiltzarra eratzen denean inbestidura saioa izango da, eta beharrezkoa baldin bada, eta hala izango da ziurrenik, EH Bilduk hautagai bat aurkeztuko du.
Konstituzionalaren ebazpena jakin berritan, "herritarrek" erantzungo dutela esan zenuen.
Arnaldo Otegi hautagai izatea nahi ez badute, milaka Arnaldo Otegi txiki izango gara, eta horiek ikusten ari gara auzo eta herri guztietan. Nabaritzen dut grina. Saiatzen direnean baten bat bazterrera eramaten guk, herri bezala, badugu duintasuna erantzuteko, eta asperdura eta frustrazioaren aurrean herri honen balioa erakutsi nahi dugu.
Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 73. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.