Hogei jarduera, Gasteizen naturan murgiltzeko

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 6a, 13:57
Argazkia: Gasteizko Udala.

Ibilbideak, ikastaroak, familia-jarduerak eta erakusketak antolatu ditu Udalak

Gasteiztarrak naturaren zoko-mokoetan murgildu daitezen, hogei jarduera antolatu ditu Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA, gazteleraz), aste honetan hasita eta irailaren bukaerara arte.

Erakusketei dagokionez, hiru programatu dituzte Salburuko Ataria zentroan. Lehenak aste honetan ireki ditu ateak, eta uztailaren 17ra arte jarraituko du zabalik: Intsektuak; forma eta irudien mikrokosmosa ezagutzeko aukera eskaintzen du, Alicanteko Unibertsitatea eta Biodibertsitatearen museoaren  eskutik.  

Bigarren esposizioaren gaia Nepal, bizitzaren zikloa izango da, Tato Edroso argazkilariaren irudiekin; uztailaren 26tik irailaren 4ra arte egongo da zablik. Azkenik, Iberiar hegazti sarraskijaleak; ekosistemen garbiketa-patruila aztertzeko parada egongo da Atarian irailaren 13tik urriaren 16ra arte, Ramon Arambarri eta Mario Bregaña natura-argazkilarien irudiez osatuta.  

Ikastaroak ere programatu dituzte udarako: Zerynthia elkarteak gaueko tximeletak identifikatzen ikasteko saioa gidatuko du irailaren 17an. 

Santo Tomas, gertutik 

Gasteizko fauna eta paisaiaren aberastasuna hobeto ezagutu nahi dutenentzat ibilbideak antolatu ditu Udalak, horietan lehena larunbat honetan, 08:30etik 13:00era Atariatik abiatuta. Hitzorduan, Salburua, Arkauti, Betoñu eta udalerriko beste hainbat bazter zeharkatzen dituen Santo Tomas erreka ezagutuko dute parte-hartzaileek. 

Beste lau txango-proposamen daude oporretarako agendan: Uda eta hegaztiak Salburuan ibilbidea, Zetazeoak 10etan jarduera Bermeon, Hegazti migratzaileei beha irteera hezegunean eta Gauez, marrualdia entzuten arratsalde-pasa parkean bertan ere.

Txorientzat, menua etxean

Familiei bereziki zuzendutako jarduerak aurreikusi dituzte egitarauan. Sei eta 12 urte bitarteko umeek txoriei jaten emateko bazkalekuak egiten ikasiko dute, Bazkaleku aerostatikoa izeneko tailerrean. Izarrak ezagutzeko saioa eta materialak birziklatuz gauza berriak sortzeko lantegia izango dira tailerretako beste bi. 

Atariaren arduradun Gorka Belamendiaren esanetan, "hiritarrek ingurugiroaren kontzientzia hartzea" nahi dute, eta "biodibertsitate handi batek bizi kalitatea hobetzen duela ezagutarazi". Izen-ematea zabalik dago Atarian, Udalaren webgunean, 010 zenbakian eto gizarte etxeetan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide