Umedun bisoi europar bat grabatu dute lehen aldiz Salburuan

Erredakzioa 2016ko eka. 29a, 13:25

Era berean, azkonar bikote bat grabatu dute Ataria interpretazio zentroko teknikariek.

Umedun bisoi europar eme bat grabatu da lehen aldiz Salburuko hezeguneetan. Ikusten zailak diren espezieen presentzia haiei kalterik egin gabe kontrolatzeko tekniketako bat kamera-tranpena da, hau da, animalia igarotzean aktibatzen den argazki edo bideo kamera. Aurtengo udaberrian, Ataria interpretazio zentroko teknikari batek, Emilio Lopezek, horrelako kamera bat jarri zuen animalia horiek ibili ohi diren leku batean, eta horri esker hartu dira irudi hauek. Honakoa umedun bisoi europar eme aske bat Salburuan grabatu den lehen aldia da.

Bisoi europarra, Europako mehatxatuena

Bisoi europarra Europako haragijalerik mehatxatuena da, katamotz iberiarrarekin batera, eta galtzeko arrisku larrian dago.  1990ko hamarkadara arte, berriz, Salburuan eta inguruan Mendebaldeko Europako populazio ugarienetako bat bizi zen. XX. mendearen bukaeran, ordea, espezie exotiko inbaditzaile bat sartu zen Zadorraren erdiko arroan eta Salburuan, bisoi amerikarra, eta jatorrizko espeziearekin lehiatu eta hari lekua kendu tzion, galtzeko zorian utzita.

Bisoi europarra behin betiko desagertzea eragozteko, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak 20 urtetik gora daramate bisoi amerikarraren populazioak kontrolatzen eta 2014an Europar Batasunak finantzatutako kontserbazio proiektuan sartu ziren, LIFE Lutreolan, hain zuzen ere.  Geroztik 5 bisoi amerikar desagerrarazi dira Salburuan eta inguruan. Aldi berean, badirudi espezie autoktonoa berriro ari dela berreskuratzen: inguruan gutxienez 5 ale ikusi dira, 2 ar eta 3 eme. Ziur aski horietako bat da albiste honi erantsitako bideoan harrapatutakoa.

Azkonarrak Salburuan

Bestetik, eta aipatutako kamarari esker, Emilio Lopezek eta Txerra Perezek Salburuan azkonarrak daudela egiaztatzen duen bideoa grabatzea lortu dute. Bikote bat da eta besteak beste, estalketa momentuan grabatu dute. Horrek esan nahi du egun azkonarra Salburuan ugaltzen ari dela.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide