Tranbiaren luzapena, momentuz geldirik

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 30a, 13:11

Oposizioko taldeek ez dute onartu Udalak proposatzen duen finantzazioa.

Tranbiaren luzapena eta BRT autobusaren ezarpena barne hartzen dituen proiektua zeresana ematen ari da egunotan. Arazoa sortu da Udalak proiektua finantzatzeko kredituak eskatzeko akordioa mahai gainean  jarri duenean. Oposizioak bakarrik utzi du EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernua. Oposizioko udal taldeek uste dute abenduan lortutako akordioa apurtu dela eta epeak ez direla betetzen ari. Hori dela eta, proposamena bertan behera uzteko eskatu diote Gasteizko alkate Gorka Urtarani, berri batean lanean hasteko.

Momentuz, Gasteizko Udalak oraindik ez du onartu proiektua gauzatzeko berari dagokion zatia,  guztira, 6,2 milioi eurokoa. Proiektuaren baitan tranbiaren luzapena Salburuara eta Unibertsitatera, BRT autobus azkarra martxan jartzea eta Zabalganara luzapenaren lehen zirriborroa daude. Udal Gobernuak aurten 242.308 euro bideratu nahi ditu Unibertsitaterako luzapena ordaintzeko. 2017an 3 milioi inguru, aipatutako zati hori amaitzeko, Salburuko luzapenaren obra egiten hasteko, BRTan lanean hasteko eta Zabalganarako konponbide batean pentsatzeko. 2018an, aldiz, 2,853 milioi euro.

Asteazkenean ospatu zen Ogasuneko batzordean Urtaranek akordio bat lortzeko asmoa zuen baina oposizioko taldeek 2018ra bitartera Urtaranen gobernuak proposatutako kantitateen banaketa errefusatzeaz gain, proiektuaren inguruko aukera eta konponbide berriak proposatzen hasi zen. Hala, zuzenketa bana aurkeztu zituzten, hiriko mugikortasuna hobetze aldera.

PP, BRTa legealditik kanpo utzi

PPk, esaterako, autobus azkarraren proiektua legealdi honetatik at uztea proposatzen du. Era berean, Zabalganako mugikortasuna hobetzeko inbertsioa handitu nahi du.

EH Bildu, Arabatran proiektuaren alde

EH Bilduren proposamena, berriz, 9,8 milioi euro ingurukoa da. Batetik, bertan behera utziko luke tranbiaren luzapena Salbururaino, eta horrez ordez, BRTari lehentasuna emango lioke, lehenbaitlehen martxan jarriz. Era berean, hiriko ekialdea eta mendebaldea lotzeko Arabatran proiektuari bultzada ematea proposatzen du.

Azkenik, Podemosek alternatibo merkeena proposatu du. Adurtzako auzokideekin bat egiten du taldeak eta ez du uste tranbia unibertsitateraino luzatu behar denik.

Datorren uztailaren 8an egingo den udalbatzan jarraituko dute gaia jorratzen.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide