Eusko Jaurlaritzak Gasteizko oposizioaren haserrea eragin du, Zabalgana baztertu duelako

Erredakzioa 2016ko api. 18a, 17:13

Eusko Jaurlaritzak ostiralean hiriaren mugikortasuna aztertzeko martxan jarri zuen lehiaketak ez du aurreikusten Zabalganara tranbia luzatzeko azterketa egitea.

Eusko Jaurlaritzak Gasteizko mugikortasuna aztertzeko martxan jarri duen lehiaketak Gasteizko udalaren oposizioko taldeen haserrea eragin du. Aurreko ostiralean Jaurlaritzak abian jarri zuen lehiaketa hau, hirian tranbia eta BRT garraio sistema integratuaren egingarritasunaren azterketa esleitzeko, eta gaur oposizioak “larritzat” jo du Jaurlaritzaren jokaera, euren esanetan, udal taldeekin kontatu gabe egin duelako.

Besteak beste, azterketa honetan Jaurlaritzak Zabalgana “ahaztu” duela salatu dute  PP, PSE, Irabazi eta EH Bildu udal taldeek, mugikortasuna hobetzeko proposamen honek ez baitu bere baitan hartzen hiriko mendebalderako konponbiderik. PPko zinegotzi Leticia Comeronek kritikatu duenez, “Eusko Jaurlaritzaren asmoak eta abenduan Udalak adostu zituen erabakiak ez datoz bat”. Zehazki, iazko abenduan Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak mugikortasunari buruzko hitzarmena sinatu zuten eta bertan, besteak beste, tranbia Zabalganara luzatzeko proposamena edo Arabatran proiektua aztertzea aurreikusten zen.

Ildo horretan, Zabalgana proiektuan sartzea eskatu du PSEko zinegotzi Peio Lopez de Muniainek. “Harrituta gaude ez dutelako auzoa kontuan hartu. Azalpen bat izango duela espero dugu edo bestela, akats bat izatea”.

Era berean, Miren Larrion EH Bilduko zinegotziak bere ezinegona agertu du Lakuako gobernuak “adostasuna apurtu” duelako. “Guk erabat galdu dugu haiekiko konfiantza, hitzarmena urratu egin dutelako. Gainera, zalantza handiak ditugu beraiek planteatutako irtenbidearekin”, azaldu du Larrionek. Horrez gain, azaldu du ez dutela onartuko “Zabalgana ikerketa horretatik kanpo geratzea”.

Orain bere alderdiak Arabatran proiektuaren azterketari lehentasuna emango diola gaineratu du. Hori dela eta, datorren ostiralean, 19.00etan, egitasmo honen inguruko batzarra egingo du Zabalganako bizilagunekin, Bastida plazan kokatuko duten karpan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide