Gaur duela urtebete, Gasteizko aginte makila galdu zuen Javier Maroto popularrak. EH Bildu, Podemos eta Irabaziren babesari esker, Gorka Urtaran jeltzaleak hartu zuen alkatetza, bozetan hirugarren geratu bazen ere.
Mezu xenofoboekin gasteiztarren bizikidetza arriskuan jar zezakeela iritzita, Maroto alkatetzatik baztertzeko konpromisoa hartu zuten oposizioko taldeek, Gora Gasteiz mugimenduaren izpiritua oinarri. Hauteskundeetan, PP izan zen garaile (9 zinegotzi) eta EH Bildu bigarren indarra (6 ordezkari). Hirugarren geratu zen EAJ (bost eserlekurekin), eta ondoren Hemen Gaude (Podemos, 2) eta Irabazi (Ezker Anitza-Equo, 1).
PSE, gobernuan
EAJ ez zen prest agertu EH Bildu alkatetzarako babesteko; alderantziz bai, ordea. PSEk ere jeltzalearen aldeko botoa ematea aurreikusten zuen, baina azken momentuan atzera egin zuen, Andoainen gertatutakoagatik; izan ere, bertan jeltzaleek sozialistekin duten gobernagarritasun ituna apurtu zuten azken momentuan, eta ondorioz EH Bilduk hartu zuen alkatetza (lehenengo indarra), eta ez PSOEk. Giro horretan, EH Bildu eta Podemosekin bat egitea erabaki zuen Irabazik, eta Urtaranen aldeko botoa eman zuen ere, abstenitzeko asmoa zeukan arren. Orain, urtebete ondoren, lau zinegotzi sozialista sartu berri dira Urtaranen gobernuan.
Gaur, protesta
Urteurrena dela-eta, hainbat ekimen antolatu dituzte Gasteizen. EH Bilduk, bere aldetik, Agur Maroto ospakizuna egingo du 11:00etan Plaza Berrian, hauteskunde-kanpainaren baitan. Bestalde, Gasteizko Eskubide sozialen aldeko plataformak protesta ekitaldia deitu du 19:00etarako Dato kaletik, "politika sozialetarako urte txarra" izan dela argudiatuta.
Eskubide Sozialen plataformak orain urtebete alkatetza aldatu arren, "politika sozialak bere horretan" mantentzen direla salatu du beste behin. Plataformaren esanetan, "ez dirudi politika horiek aldatuko direnik" eta kezkatuta agertu da 2008an onartu zen Zerbitzu Sozialen legearen inguruan dagoen "informazio eta gardentasun falta" dela eta.