PSE Urtaranen gobernuan sartu da

Erredakzioa 2016ko mai. 23a, 14:27
Araba Buru Batzarraren presidente Jose Antonio Suso, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, PSE udal taldearen bozeramaile Peio Lopez de Munain eta Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalez.

Peio Lopez de Munain Gasteizko lehen alkateordea izango da. Hemendik aurreran, PSEk, besteak beste, Gizarte Politiken eta Herritarren Segurtasunaren sailak hartuko ditu bere gain.

11 hilabete ondoren, PSEk eta EAJk gobernu akordioa sinatu dute eta sozialistak Urtaranen gobernuan sartu dira. Hemendik aurrera, Peio Lopez de Munain izango da lehen alkateordea. Itziar Gonzalo bigarren alkateordea izango da.

 

Era berean, Gizarte Politikak eta Osasun Publikoa; Kultura, Hezkuntza eta Kirola; Partaidetza eta Gizarte Etxeak; Herritarren Segurtasuna, eta Udal Administrazioa PSEren esku geratuko dira. EAJren esku mantenduko dira gainontzekoak; Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Saila (Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzua, Gardentasuna, Berdintasuna, Euskara, Gazteria, Garapenerako Laguntza, Nekazaritza Eremua eta Errolda barne); Ogasuna; Funtzio Publikoa; Enplegua eta Garapen Ekonomiko Iraunkorra; Hirigintza, eta Ingurumena.

Koalizio akordioa lortu arren, Gasteizko Udal Gobernuak gutxiengoan gobernatzen jarraituko du; udalean dauden 27 zinegotzietatik bederatzi EAJ bost eta PSEk lau). PPK beste bederatzi zinegotzi ditu, EH Bilduk sei, Podemosek bi eta Irabazik bat.

Gaur goizean, Araba Buru Batzarraren presidente Jose Antonio Susok, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, PSE udal taldearen bozeramaile Peio Lopez de Munainek eta Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalezek aurkeztu dute akordioa eta bertan adierazi dute orain urte bete bi alderdiek sinatu zuten gobernagarritasun akordioa oinarritzat hartuko dutela. Lopez de Muniainek  akordioaren garrantzia nabarmendu du, gobernu "sendoagoa" izango delako.

 

Oposizioa kritiko, akordioaren aurrean

 Akordio honen aurrean, Eh Bildu udal taldeko bozeramaile Miren Larrionek adierazi du iragarpen honek ez duela ezer aldatzen.  "Azken urteko balantzea egitean, sozialistek izan duten papera hutsaren hurrena izan dela agerian geratzen da". Era berean,  "PSE gobernuan sartzearekin arduren banaketa handiagoa suposatuko badu ere, ez dugu PSE benetako aldaketa suposatzen duten neurri eta proposamenak lantzen ikusi orain arte”, adierazi du Larrionek. "EAJk berriz bi ereduen artean aukeratu beharko du. PPk adierazten duen eredua, PSErekin batera hiriko enpresari handiei EJZ zerga jaistea suposatzen duena, edo aldaketa indarren eredua".

Bestetik, Irabazi udal taldeak ere PSE-EAJ akordioa kritikatu du, bere esanetan, soilik "hauteskunde interesei" erantzuten diolako. "Alderi sozialistak Udal Gobernuan sartzeak ez ditu gasteiztarren arazoak konpontzen eta soilik erantzuten die bi alderdi hauen hauteskunde interesei". Era berean, ekainaren 13an "aldaketa" bultzatu ez zutenekin orain gobernua osatzea leporatu dio EAJri.

PP udal taldearen bozeramaile Javier Marotok adierazi duenez, "lehen gutxiengoan zegoen udal gobernu bat zegoen hiriko proiektuak aurrera eramateko, eta orain, horrela izaten jarraituko du".

Azkenik, Podemosek salatu du PSEk 11 hilabete behar izan dituela "gasteiztarrak gogoan izateko" eta bi alderdien arteko akordioak  "konponbideak" baino, "zalantzak" ekarriko dituela.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide