5.600 lasterkari bilduko ditu igandean Martin Fiz maratoiak

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko mai. 13a, 08:06

Bost proba izango dira: maratoia, erdi-maratoia, herri lasterketa, patinen lasterketa eta haurrei zuzendutako maratoi txikia. Hiriko zenbait kale trafikoarentzat itxita egongo dira.

Datorren igandean lasterkariz beteko dira Gasteizko kaleak; Martin Fiz maratoiaren edizio berria ospatuko da. Zehazki, 5.600 korrikalari inguru izango dira hitzorduan, lasterketa osatzen duten bost probetan banatuta; maratoia, erdi-maratoia, herri lasterketa, patinen lasterketa eta maratoi txikia.

Irteera, Herrandarren kaletik

Aurten lehen aldiz, irteera Herrandarren kalean kokatuko da, antolatzaileen esanetan, kale zabal honetatik ateratzea erosoagoa delako. Gainera, aurtengo zirkuitua aurreko edizioetakoa baino "azkarragoa" dela gaineratu dute, hiriko alde zaharretik, parke eta paseo berdeetatik zein hiribide zabalak dituzten Zabalgana eta Salburua bezalako auzo berrietatik igaroko dena.

Horrela, bi maratoiak eta Herri lasterketa goizeko 9.00etan aterako dira Herrandarren kaletik eta Dato kalean izango dute helmuga. Patinen lasterketari bost minutu lehenago emango diote hasiera eta Foru kalean amaituko da. Txikien lasterketa 10.30ean abiatuko da Andre Mari Zuriaren plazatik eta kilometro bat egin ostean, Plaza Berrian amaituko da.

Maratoian izena eman duten korrikalariek eta patinatzaileek 42 kilometroko probari aurre egingo diote. Erdi Maratoiak 21 kilometroko luzera izango du; Herri lasterketak, 10 kilometro.

Lasterketaren antolakuntzan 600 pertsona inguru ibiliko dira, horien artean, 200 inguru boluntarioak izango dira.

Dortsalak jasotzeko

Maratoia, erdi maratoia eta herri lasterketarako dortsalak Boulevard merkataritza-gunean jaso behar dira, maiatzaren 13an edo 14an, 10:00etatik 14:00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Patinen lasterketarako dortsalak, berriz, Donostia kaleko Elurra & Skate dendan jaso behar dira,ostiralean edo larunbatean, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

 

Martin Fiz maratoiaren ibilbide guztiak

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide