Araudia aldatu nahi du Udalak, babestutako etxebizitzen zergaren igoera mugatzeko

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 22a, 13:19

 EH Bilduk salatu du "Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Udalaren desio eta beharren arabera" arautzen duela.

Azken egunetan, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) inguruan sortu da eztabaida. Izan ere, % 28 gehiago ordaindu beharko dute Gasteizko babes ofizialeko etxebizitzen jabeek. Atzo, Gorka Urtaran alkateak igoera horren inguruan EH Bildu eta PP udal taldeek egindako galderei erantzutean, araudia aldatzea proposatu zuen, zerga honen igoera mugatzeko. Zehazki, Foru Araua aldatzea proposatu zien talde politikoei, babes ofizialeko etxebizitzei zerga horretan aplikatzen zaizkien igoerak mugatzeko.

 Aldi berean, alkateak iragarri zuen errenta baxuenak dituzten familiei ez diela eragingo gehiegizko igoera horrek. Hau da, aurten saltzeko gehienezko balioa eguneratu zaien babes ofizialeko etxebizitza guztien (20.000 gutxi gorabehera) %  37,8ri kuotaren % 42ko hobaria egingo zaie batez beste.

Zergaren kuota zatikatzea da alkateak proposatutako hirugarren neurria. “Jabeen % 63k ezin ditu errenta baxuenentzako hobariak eskuratu, baina kuota zatikatuz gero errazago ordain daiteke”, zehaztu du Gorka Urtaranek.

Aurten saltzeko gehienezko balioa eguneratu zaien babes ofizialeko etxebizitzei 44 eta 57 euro arteko igoera aplikatuko zaie ondasun higiezinen gaineko zergan.

Aldundiak Udalaren esanetara, EH Bilduren ustez

Alkatearen adierazpen hauen aurrean, EH Bilduk Gasteizko udalaren "nahiera berrriz ere arautu nahi izatea" aurpegiratu dio Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezi. EH Bilduk adierazi duenez, Ahaldun Nagusiak etxebizitzen gaineko zergaren Foru Arauan aldaketak egin nahi dituela iragarri du, atzo alkateak azaldu bezala, babes ofizialeko etxebizitzako katastro balioen % 28ko igoera arintzeko. Aldaketa honek atzeraeraginezko izaera izango luke eta hortaz, 2016ko zergan aplikatuko litzateke. Horregatik, Eh Bilduk uste du Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Udalaren desio eta beharren arabera arautzen duela.

"Jarduera Ekonomikoaren Zergarekin salatu genuen eta orain Ondasun Higiezinen zergarekin ere bai. Arabako Foru Aldundiak ez du soilik Gasteizereko gobernatzen, udalerri guztietarako baizik", nabarmendu du Luis Salgadok, EH Bilduko batzarkideak.

Horrez gain, etxebizitzen jabeek dituzten hobariak errentaren araberakoak izan behar direla gaineratu du Salgadok, "eta ez etxebizitzaren tipologiaren araberakoak".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide