Babestutako etxebizitzen zerga %28 igoko da aurten

Itsaso Estarrona 2016ko api. 20a, 15:35

Erreziboaren garestitzea atzera botatzeko eskatu diote oposizioko talde guztiek Gorka Urtaran alkateari.

Gasteizko giro politikoa borborrean dago: aurrejakinarazpenik gabe, iaz baino % 28 gehiago ordaindu beharko dute Gasteizko babes ofizialeko etxebizitzen jabeek, Ondasun higiezinen gaineko zergagatik (OHZ). 

Ordainagiria garestitzeko jatorrizko arrazoia etxebizitzen salmenta-prezioan dago. Izan ere, aurreko udal-legealdian etxebizitzen gehienezko salmenta-prezioa igotzeko eskatu baitzion PP-k Eusko Jaurlaritzari. Horrenbestez, euren pisuak lehen baino garestiago saltzeko aukera izango dute orain jabeek, horretarako prest dagoen eroslerik aurkitzen badute. Zer ikusi du horrek zergarekin? Bada: gehienezko salmenta-prezio horren arabera kalkulatzen da ordaindu beharreko kopurua.
Hain zuzen, Udalak zerga-tipo bat ezartzen du (portzentaje bat), eta ondoren salmenta-prezioari aplikatzen dio. Salmenta-prezioa altuagoa bada, erreziboa garestiagoa izango da, Udalak zerga-tipoa bere horretan mantendu arren. Eta hori da Gasteizen gertatu dena.

"Ezkutuan"

Oposizioak gogor egin du alkatearen aurka. Igoera hori "ezkutuan" mantentzea leporatu diote talde politiko guztiek Gorka Urtarani, ez baitie horren berri eman, ez haiei ezta kaltetutako hiritarrei ere.
Urtaranen arabera, Diputazioak eman behar zukeen garestitzearen berri, baina arrazoi hori zeharo ezeztatu du bere alderdikide eta Arabako Diputatu Nagusi Ramiro Gonzalezek. Aldundiko buruaren hitzetan, udal-zergaren gaineko eskumenak Udalarenak dira eta, horrez gain, Diputazioak ez du babes ofizialeko etxebizitzen jabeen daturik, jakinarazpena bidaltzeko.

Udal-gobernuarekin kritiko agertu dira oposizioko zinegotziak. EH Bilduk dio zergen araudia urra zezakeela igoeraren prozedurak, ez zaielako kaltetuei jakinarazi eta ez delako dagokion batzordean onartu. Gainera, gogorarazi du Udalak Jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEZ) jaitsi diela enpresa handiei, eta "ez dela onargarria orain hiritarrek ordaintzea enpresek ordainduko ez dutena". Aurreikusitakoa baino milioi bat euro gehiago bilduko du Udalak zerga honen bidez.
PP-k igoera indargabetzea eskatu du ere, ordainagirian % 30eko hobaria ezarriz. Ildo berean egin dituzte adierazpenak gainontzeko taldeek, eta, alkateak azalpenak eman ditzan, jeltzalearen agerraldi berezia eskatu dute.

 

Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea

Alkateak dio Udalak ez duela igoerarekin zerikusirik izan; PP-k hala eskatuta, Jaurlaritzak etxebizitza babestuak saltzeko gehienezko prezioa igo duela, eta hain zuzen prezio horen arabera kalkulatzen dela zerga. Igoeraren berri Diputazioak eman behar zuela dio, Aldundiak hori ezeztatu arren.

Javier Maroto, PP

PPren udal-gobernuak eskatu zuen, aurreko legealdian, babestutako pisuen salmenta-prezioa igotzea, baina prezio horren araberako zerga ez igotzeko neurriak eskatu dizkio Urtarani; zehazki, proposatu du igoeraren bezainbesteko deskontua egitea erreziboetan; alegia, %30eko hobaria ezartzea ordainagirian.

Miren Larrion, EH Bildu

Ezkerreko koalizioak gogorarazi du 2016rako Ondasun higiezinen gaineko zerga ez igotzea adostu zutela Udalean. Hortaz, salatu dute Urtaranek ez diela igoera honen berri eman ez udal-taldeei, ezta kaltetutako hiritarrei ere. Lehenbailehen bertan behera uzteko eskatu diote alkateari.

Peio Lopez de Munain, PSE

Gardentasun falta leporatu diote sozialistek bere bazkide Gorka Urtarani. Zergaren igoera ezkutatu nahi izan duela uste du Peio Lopez de Munainek, eta "egoerari konponbidea" aurkitu behar zaiola nabarmendu du, "erreziboa ezin baita %28 garestitu egun batetik bestera".

 

2017rako zerga, eztabaidan


Ondasun higiezinen gaineko zergagatik (OHZ) gasteiztarrek datorren urtetik aurrera ordaindu beharko dutena zehazteko, eztabaida hasi da Udalean. Izan ere, Arabako Ogasunak katastroa gaurkotu du; alegia, pisuei ematen dien balio fiskala, bere ezaugarrien arabera (besteak beste, tamaina eta kokapena). Merkatuan pisuen prezioa jaitsi denez, katastro-balioa ere jaitsi da: batez beste, % 35. Gehien jaitsi den auzoak Zaramaga eta San Cristobal dira (-% 47), eta beste muturrean daude Alde Zaharra (-% 10) eta San Prudentzio kalea (-% 8). Katastro-balioaren gainean aplikatzen da zerga eta, beraz, gaur egungo zerga-tipoa mantenduz gero, Udalak askoz diru gutxiago bilduko luke. Tipo hori zenbat igo edo jaitsi zehazteko eztabaidatzen ari dira Udalean, fiskalitate-batzordean. Maiatzaren 5ean dute hurrengo bilera.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide