Gasteizko Udalak eta Visesak Koroatze auzoa biziberritzeko proiektua bizilagunei azaltzeko bilera informatiboa egin zuten atzo. Hitzorduak 'urrezko' auzoko bizilagunen arreta piztu zuen, goizeko bileran 200 bat lagun inguru izan ziren; arratsaldekoan, 300 inguru. Bertan, Gasteizko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile Alvaro Iturritxak eta Visesako zuzendari nagusi Marcos Murok eman zituzten argibideak.
Eraikinen fatxadak eta galdara zentrala
Auzoa birgaitzeko hiru dira aurrera eraman nahi dituzten ekintzak; auzoko eraikinen fatxadaren eta estalkiaren birgaitze energetikoa, egurrez elikatutako berokuntzako eta ur beroko sistema zentrala ezartzea eta espazio publikoa birgaitzea. Jarduera hauei esker, besteak beste, auzoaren energia-eskaria gutxitu eta energia berriztagarriak erabiliko dira erregai fosilen ordez eta berokuntzaren eta ur beroaren fakturan aurreztu egingo da.
Atzo Iturritxak eta Murok azaldu zuten moduan, birgaitze energetikorako zenbait aurreproiektu lantzen ari dira, auzoan dauden eraikin mota ezberdinen arabera eta datozen hilabeteetan parte hartzeko interesa duten jabeen komunitateei aurkeztuko zaie, parte hartu nahi duten erabaki dezaten.
Zehazki, hauxe izan zen bizilagunen artean kezka eta zalantza gehien sortu zituen puntua eta besteak beste, galdetu zuten zenbatekoa den auzokide bakoitzak ordaindu beharrekoa edo komunitateko bizilagun guztiak ados egon behar diren proiektuan parte hartzeko. Proiektuaren arduradunek azaldu zuten moduan, batez beste auzokide bakoitzak 9.600 euro jarri beharko du baina kasuan kasu, kopuru hori murriztu edo handitu daiteke. Hala ere, berme funts bat sortuko dute, birgaitzearen hileroko kuotari aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duten jabeei laguntzeko. Horrekin batera, proiektua aurrera ateratzeko, komunitate bakoitzean bost lagunetik hiru ados egotea beharrezkoa izango da.
Horrez gain, berokuntzako eta ur beroko sistema zentralak ere zenbait zalantza eragin zituen bizilagunengan, adibidez, ea guztiok kuota berdina ordainduko duten ala sistema berria ezartzeko etxe barruan obrak egin behar diren ala ez. Iturritxak azaldu zuenez, auzokide bakoitzak bere kontsumoaren arabera ordainduko ditu fakturak eta sistema ezartzeko obra txikiak egin beharko direla gaineratu zuen.
Espazio publikoa
Oraindik ez daude zehaztuta espazio publikoan egitekoak diren jarduerak, baina Udala horiek lantzen ari da dagoeneko. Esku-hartzeak Koroatzearen auzoko bizilagunekin, elkarteekin eta entitateekin batera zehaztuko dira. Horretarako, herritarren parte-hartzerako prozesu bat jarriko da martxan, eta uda baino lehen, maiatzean edo ekainean, lantegiak egingo ditugu, proiektuaren ildo nagusiak adosteko.
Finantzazioa
Etxebizitzak birgaitzeko lanak 2017an hasiko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak berme funts bat sortuko dute, birgaitzearen hileroko kuotari aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duten jabeei laguntzeko. Proiektuaren egitasmo deigarrienetako bat galdara zentral bat instalatzea da, zeinak energia berriztagarria baliatuko baitu, gastua eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Oraindik ez da zehaztu galdara nola kudeatuko den eta nolako zerbitzua eskainiko den. Proiektuaren arduradunek iragarri dute Aldabeko gizarte etxetik gertu kokatuko dela.
Birgaitze energetikoaren batez besteko prezioa etxebizitza bakoitzeko 21.000 euro ingurukoa izango dela jo da. Administrazioen diru-laguntzek 11.400 euro estaliko dute, beraz, jabeek 9.600 euro jarri beharko dute. Dena dela, hori kalkulua besterik ez da, egoera sozio-ekonomikoaren azterketa eta proiektua oraindik ez baitira zehaztu.
Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.500.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak barne: Gasteiz, Tartu eta Sonderborg). Europako Batzordearen guztizko diru-laguntza 27.800.000 eurokoa da. Gasteizko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da eta Bruselatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko da. Europako diru-laguntzaren kontura gehienez 750 etxebizitza birgaitu eta berokuntza sarea eraiki ahalko dira; Eusko Jaurlaritzak Visesaren bidez eta Gasteizko Udalak egindako ekarpenari esker 1.313 etxebizitza birgaitu ahal dira guztira.
Informazio guztia: SmartEnCity proiektua, Koroatze auzoa